Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berrien % 28 nerabeen artean eman dira Euskadin
Jaurlaritzak ukatu egin du kutsatzeak hezkuntza zentroetan eman direla. Bestalde, lehendik gaixorik zegoen 9 urtetik beherako adingabe bat hil da EAEn COVID-19arekin.
eitb.eus
COVID-19aren ondorioz Euskadin egunero eragindako kutsatzeek gora egin dute berriro, 518ra iritsita (113 gehiago), baina egindako proben tasa % 5etik behera mantendu da, % 4,7an hain zuzen ere.
Gainera, 9 urtetik beherako adingabe bat hil da EAEn COVID-19arekin, Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera. Adingabeak patologiak zituen aurretik.
Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman dituen datuen arabera, asteazken honetan 10.825 PCR proba egin zituzten, asteartean baino 1.065 gehiago, eta egun horretan % 4,1ek eman zuten positibo.
Hiru lurraldeetan aurreko txostenean jakinarazitakoak baino igoera handiagoak izan dira: 229 kutsatze Bizkaian (52 gehiago), 182 Gipuzkoan (13 gehiago) eta 79 Araban (28 gehiago). Beste 28 positibo Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratutako pertsonei dagozkie, 20 gehiago.
Arabako 59 kasu Gasteizen diagnostikatu dituzte, 13 gehiago; Bizkaiko 85 kasu Bilbon (39 gehiago) eta Gipuzkoako 36 kasu hiriburuan (4 gutxiago) atzeman dituzte.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, berriz ere behera egin du gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopuruak, 331tik 278ra. Horietatik, asteazken honetan 52 gaixo, 4 gutxiago, zeuden zainketa intentsiboetako oheetan. Azken orduetan 43 pertsona ospitaleratu dituzte, 14 gehiago.
R0 indizea, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, baten azpitik mantentzen da, eta azken orduetan 0,96ra jaitsi da.
Kutsatze berrien % 28, gazteen artean
Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak, Ignacio Garitanok, EAEko egoera epidemiologikoa aztertu du. Gaur 518 kutsatze jakinarazi dira, baina positiboen tasak % 5etik behera jarraitzen du, zehazki, % 4,7an.
Milatik gora kutsatu berrietatik, 145 zero eta hemeretzi urte bitarteko haur eta gazteei dagozkie; 10 eta 19 urte bitarteko nerabeei dagozkie 110; 40 eta 49 urte bitartekoen artean 86 kutsatze izan dira; eta 34 izan dira 0tik 9 urtera arteko haurren artean.
Garitanok azaldu duenez, pandemiak eskola eremuan eta eskolatzeko adinean dauden gazteen artean izan duen bilakaera arretaz aztertzen ari da Jaurlaritza, eta aitortu du "zaila" dela non kutsatu ahal izan diren zehaztea.
Hala eta guztiz ere, esan du "oso litekeena" dela kutsatze horiek eskola-eremuan gertatu ez izana, kontuan hartuta adin-tarte horretako gazte zaharrenak (17-18 urte) gainerako ikasleak baino beranduago sartu zirela eskoletan, eta aurrez aurreko eskolak horien artean ez direla nagusi.
Eskoletan, Garitanok jakinarazi du azken astean 3 eta 16 urte bitarteko 188 haur eta gaztek positibo eman dutela eta, ondorioz, 2.000 pertsona inguru (zuzeneko kontaktuak) isolatu dituztela EAEn, hau da, 10,7 pertsona ikasle bakoitzeko.Ostegun honetan argitaratu den asteroko txosten epidemiologikoan jasotako datuen arabera, pandemia egonkortu egin da EAEn; izan ere, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa 320,6 izan zen igandean, eta abuztuaren 22an 319,4koa zen.
Foru Erkidegoan positiboek behera egin dute
COVID-19aren 360 kasu berri erregistratu zituzten Nafarroan asteazkenean, 3.476 PCR proba eginda (egun bakarrean egin duten proba kopuru handiena), % 9,7ko positiboarekin, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Kasu berrien kopuruak behera egin du aurreko egunekoarekin alderatuta, Nafarroak markak hautsi baitzituen bezperan, 421 kasurekin.
Gainera, atzo ez zen heriotzarik izan, eta ospitaleratutako pertsonak zortzi izan ziren (aurreko egunean 22 izan ziren), Foru Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez.
Dena dela, Indurainen hitzetan, "argi dago ez direla datu onak, kontrakoa, kezkagarriak dira", eta "eguneroko kasuen kopuruak gero eta handiagoak dira". "Udan ehun bat kasu izatetik 300 baino gehiago izatera igaro gara azkenaldian", esan du.
"Datu horiek Nafarroako osasun sistemaren erantzuna arriskuan jartzen ez duten arren, lehen olatuaren hasieran ere ez da horrelakorik gertatu, baina tentsionatu egin dezakete, eta kutsatze kopurua inflexionatzen saiatu behar gara, osasun jarduera ahalik eta gehien mantentzeko".
Nafarroako osasun sare integratuak, alta eta bajen balantzea egin ondoren, 222 paziente (atzo bezala) hartzen ditu ospitale eta modalitate desberdinetan, horietatik 24 zainketa intentsiboetako unitateetan.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak aitortu du "atzerapen apur bat" ematen ari dela PCR proben emaitzak emateko orduan, baina "inoiz ez da iristen sei edo zazpi eguneko epera".
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) kutsatzeen erritmoari eusteko premiazko plan bat egiteari buruz parlamentuan egindako galdera bati erantzunez, Santos Indurain Osasun kontseilariak jakitera eman duenez, Nafarroak COVID-19a atzemateko test azkarrak "eskuratu" ditu, baina oraindik ez du martxan jartzeko datarik zehaztu.
Ikuspegi geografikotik, Iruñea eta Eskualdean positiboen % 58 izan ziren, Tuterako Eremuan (% 18) eta Lizarrako Eremuan (% 1). Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Adin-tarteei dagokienez, 15-29 urtekoen taldea izan zen nagusi (% 23); 30-44 urtekoen taldea (% 22); 14 urtetik beherakoen taldea (% 19) eta 45-59 urtekoen taldea (% 18). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (% 12) eta 75 urtetik gorakoa (% 6). Kasu berrien batez besteko adina 36,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 48 emakumeak dira eta % 52 gizonak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak gehituz gero, 16.213 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 563koa da.