Gizartea -

Ertzaintzaren balantzea

Sexu erasoen salaketak erdira jaitsi dira uda honetan, COVID-19a tarteko

Familia barruko tratu txarren salaketek, berriz, % 6,18 egin dute gora. Osasun krisiak gutxiago eragin die delitu mota hauei, familia barruko harremana areagotu izanaren ondorioz.

Bi ertzain, Zarauzko hondartzan, aurtengo udan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bi ertzain, Zarauzko hondartzan, aurtengo udan.
Bi ertzain, Zarauzko hondartzan, aurtengo udan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu erasoen salaketak % 50 jaitsi dira udan iazko garai bereko datuekin alderatuta, Ertzaintzak uztailean eta abuztuan bildutako datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, COVID-19aren krisiak kriminalitatea baldintzatu egin du, eta arau-hauste penalak jaitsierazi ditu. Hala, uztailean eta abuztuan 13.213 arau-hauste penal zenbatu dituzte, iazko garai berean baino 2.695 delitu gutxiago ( % 16,94 gutxiago).

Sexu erasoak, sexu askatasunaren aurkako delituen barruan deliturik larrienak izango liratekeenak, % 50 gutxitu dira Euskadin (24 kasu gutxiago izan dira). Kasuak Bizkaian gutxitu dira gehien, 17 kasu gutxiago izan baitira (30etik 13ra jaitsi dira); ondoren Gipuzkoan, 10 kasu gutxiago izan baitira (15etik 5era jaitsi dira); eta, Araban, berriz, zifrek gora egin dute, 3 kasutik 6ra.

Era berean, sexu askatasunaren aurkako delituen atalean jasotzen diren gainerako arau-hausteak ere gutxitu egin dira, eta 2019ko datuekin alderatuta % 22,58 egin dute behera, 21 delitu gutxiago izan baitira (93tik 72ra jaitsi dira).

Sexu askatasunaren aurkako delituen urtetik urterako bilakaeran "COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien, hau da, konfinamenduaren, ondorengo hiru faseetan ezarritako mugikortasun-murrizketen, ostalaritzako ordutegiak mugatu izanaren eta herrietako jaiak ospatu ez izanaren ondorioak ikus daitezke", oharrean jasotzen denez.

Muga horien ondorioz, apirilean jaso ziren azken 14 hilabeteetako sexu askatasunaren aurkako salaketa gutxien, 19 kasu, hain zuzen ere. Gizarte harremanetan eragin zuzena duten murrizketak aldatzen joan diren neurrian, era horretako delituek pixkanaka gora egin dute, eta uztailean, esate baterako, 55 kasu erregistratu ziren, aurreko urteko antzeko zifra izanik. Hala eta guztiz ere, abuztuan berriz ere % 25 egin dute behera era horretako delituek aurreko hilabetearekin alderatuta, eta % 52 2019ko abuztuarekin alderatuta.

Tratu txarren salaketak, berriz, gora

Homizidioei dagokienez, beste delitu estrategiko larrienetako bat izanik, bi izan dira Euskadin, 2019ko zifra bera. Bi kasuak, uztailean Bilbon eta Gasteizen jazotakoak, argitu dira. Homizidio eta hilketa-ahaleginen kasuak lau gehiago izan dira, eta 2tik 6ra igo dira, beraz.

Familia barruko tratu txarrei (genero eta etxeko indarkeria) dagokienez,  kasuek % 6,81 egin dute gora EAEn, eta 764tik 816ra igo dira (52 gehiago). Zifrek hiru lurralde historikoetan egin dute gora, eta Araba izan da igoerarik handiena izan duen lurraldea, % 12,04koa, alegia (108tik 121era igo dira kasuak), ondoren Gipuzkoa % 6,61ekin (242tik 258ra igo dira kasuak) eta, azkenik, Bizkaia % 5,56rekin (414tik 437ra). Familia barruko tratu txarren kasuetan izan du eraginik gutxien osasun krisiak, hain zuzen ere, familia barruko harremana areagotu izanaren ondorioz.

Ondarearen aurkako delituak

Ondarearen eta arlo sozioekonomikoaren aurkako delituak EAEn egindako arau-hauste penal guztien % 70,42 dira, eta adierazi behar da % 22,73 gutxitu direla 2019ko garai bereko datuekin alderatuta.

Indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretek % 16,54 egin dute behera aurreko ekitaldiarekin alderatuta (2019an 254 kasu erregistratu ziren eta 2020an 212). Lurralde historikoen arabera aztertuta, Bizkaian bakarrik egin dute behera, % 30,77 hain zuzen, eta 195etik 135era jaitsi dira. Gipuzkoan 36 kasutik 48ra igo dira eta Araban 23tik 29a.

Etxebizitzetako lapurretak ia % 23 gutxitu dira, eta aurreko urteko garai berean baino 194 kasu gutxiago izan dira, beraz. Lurraldez lurralde aztertuta, adierazi behar da Araban % 50,93 egin dutela behera (55 kasu gutxiago) eta Bizkaian % 33,70 (182 kasu gutxiago). Gipuzkoan, aldiz, delitu horiek % 19,91 egin zuten gora, eta 2019an baino 43 kasu gehiago erregistratu dira.

Enpresetan indarrez egindako lapurretak % 44,05 gutxitu dira EAEn, aurreko urteko ekitaldiko garai berean baino 37 delitu gutxiago egin dira, beraz.

Ertzaintzak nabarmendu du, azkenik, phishing-a (internet bidez egindako iruzurra) gero eta gehiago zabaltzen ari den modalitatea dela (2020an 101 salaketa jarri dira, eta 2019an 44 jarri ziren).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Tratu txarren biktimak Matxismoa Uda Sexu erasoak Lapurretak Koronabirusa Deseskalatzea