Gizartea -

Koronabirusa

MOEren arabera, herritarren % 10ek soilik garatu dituzte antigorputzak

COVID-19aren arduradunak jakitera eman duenez, hainbat ikerketa egin ondoren, aldakortasun handia atzeman dute birusaren aurkako antigorputzen iraupenari dagokionez.

Koronabirusa. Argazkia: EFE
Koronabirusa.
Koronabirusa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduan, herritarren % 10ek soilik garatu dituzte koronabirusari aurre egiteko antigorputzak, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) egindako ikerketen arabera. Ondorioz, herritar gehienek ez dute inolako babesik COVID-19aren aurrean.

Maria Van Kerkhove MOEn COVID-19ari aurre egiteko izendatutako arduradunak baieztatu duenez, seroprebalentziari buruzko ikerketek askotariko emaitzak eskaini dituzte; hortaz, zaila egiten zaie ondorio garbiak atera ahal izatea. Hala ere, herritarren % 90ek ez dutela antigorputzik garatu ondorioztatu dute.

"Datu horiek orotara aztertuz gero, herritarren % 10ek baino gutxiagok gainditu omen dute gaixotasuna, eta, ondorioz, gehiengoak ez duenez inolako babesik, ezinbestekoa da segurtasun neurriekin jarraitzea", adierazi du Maria Van Kerkhovek sare sozialen bidez eskainitako prentsaurrekoan.

Bestalde, Munduko Osasun Erakundearen arduradunaren esanetan, osasun arloko langileen artean asko omen dira antigorputzak garatu dituztenak; langileen % 20 eta % 25 artean. Auzo pobre zehatz batzuetan % 40tik gorako seroprebalentziak izan direla gaineratu du.

Van Kerkhovek jakitera eman duenez, birusaren aurkako antigorputzen iraupenaren inguruko hainbat ikerketaren arabera, aldakortasun handia dago; izan ere, baliteke denborarekin eraginkortasuna galtzea edota inolako aldaketarik ez izatea eta luzaroan irautea.

"Katarroa eragiten duten beste koronabirus batzuen kasuan, SARS edo MERS koronabirusen kasuan, esaterako, antigorputzak iraunkorrak ez direla egiaztatu da; hortaz, COVID-19arekin gauza bera gerta liteke", azaldu du adituak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa