Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiko egoitzetako hiru egoiliar hil dira, eta beste bi Araban eta Gipuzkoan

Halaber, Bizkaiko 186 erabiltzailek, aurreko zenbaketan baino 17 gutxiagok, koronabirusa dute gaur egun, eta horietatik 32 ospitaleratuta daude.

Adinekoen egoitza. Argazkia: EFE.
Adinekoen egoitza
Adinekoen egoitza. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19a duten Bizkaiko egoitzen sareko hiru egoiliar hil dira azken 48 orduetan; ondorioz, pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 54 pertsona hil dira. Halaber, 186 erabiltzailek, aurreko zenbaketan baino 17 gutxiagok, koronabirusa dute gaur egun, eta horietatik 32 ospitaleratuta daude.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuaren datuen arabera, 98 erabiltzaile (aurreko zenbaketan baino hamar gutxiago) kutsatuta daude.

Gainera, positibo eman duten adinekoentzako egoitzen sareko 32 erabiltzaile ospitaleratuta daude (duela bi egun baino bat gutxiago). Egoitzetan 1.810 pertsona sendatu dira. Bestalde, 122 egoitza-langile kutsatu dira (aurreko zenbaketan bezala), eta 62 (zazpi gehiago) isolamenduan daude, COVID-19aren konformaziorik gabe.

Gaur egun, 12 zentrotan daude egoiliarrak kaltetuta (aurreko zenbaketan bezala). Leioa-IFAS Laguntza Zentroa da kasu gehien dituena (23). Jarraian, DomusVI Miraflores-Bilbao (17), Zuetxe-Bakio (13), San Jose Etxe Alai-Mungia (3), Elorrio-IFAS asistentzia-zentroa (9), Ballesol-Bilbo (7), Santa Maria-Getxo (7), Marcelo Gangoiti-Muskiz (6), Albiz Santiago Llanos-Sestao (6), Misericordia-Bilbo (5), eta IMQ Igurco (5).

Horrez gain, 84 pertsona hartzen ditu Birjinetxeko unitate espezializatu soziosanitarioak, koronabirusak eragindako infekzio-kasuak artatzeko. Horietatik, 56 egoitza-zentroen sarearen erabiltzaileak dira, eta 28 hauskortasun-egoeran daude, ospitaleratu ondoren berrogeialdia egiten ari direnak.

Gipuzkoa

COVID-19ak 99 urteko emakume bat hil du asteazken honetan, eta guztira 21 dira Gipuzkoako adinekoen zentroetan birusak jota hildakoak, joan den abuztuaren 11n pandemiaren bigarren aldiko lehen positiboak atzeman zirenetik.

Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken biktima Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroan bizi zen.

Bestalde, beste lau egoiliarrek jaso dute alta epidemiologikoa azken orduetan; horietako bi Errenteriako Jesusen Bihotzean bizi dira, hirugarrena Hermano Garate – San Ignacion, eta laugarrena Alai Etxean, azken horiek Donostian.

Gainera, egindako PCR probetan positibo bakarra atera da, Bergarako Mizpirualde zentroan.

Gaur egun, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 51 COVID-19 kasu positibo daude: 25 Hernaniko Santa Maria Magdalenan, hamabost Errenteriako Jesusen Bihotzean, zortzi Donostiako Alai-Etxen eta hiru Mizpirualden.

Oraindik ere 12 pertsonak behar dute ospitaleko arreta eta ospitaleratuta daude, eta beste 23 Eibarko Ospitaleko gizarte-etxean ari dira artatzen, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa baita.

Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, 18 adinekok gainditu dute gaixotasuna, eta 21 hil egin dira.

Araba

Zuiako Orobide erresidentzia pribatuko erabiltzaile bat hil da koronabirusarekin azken orduotan, eta guztira 10 dira gaitz horrekin hil direnak Arabako zaharren egoitzetan pandemiaren bigarren oldea hasi zenetik.

Hildakoak hainbat gaixotasun zituen, eta etengabe ospitaleratzen zuten. Ospitalean hil da, Arabako Aldundiak jakinarazi duenez.

Zuiako Orobide erresidentzia pribatuko erabiltzailea zen hildakoa, eta azken egunotan 9 koronabirus kasu atzeman dituzte bertan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Pertsona edadetuak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa