Gizartea -

Eustaten datuak

Heriotzek % 7,7 egin zuten gora lehen hiruhilekoan, nagusiki COVID-19agatik

500 pertsona hil ziren koronabirusagatik (denak martxoan). Heriotzen ia erdia (240) Bizkaian izan ziren, eta laurden bat baino gehiago Araban (gehienak, Gasteizen).

500 pertsona hil ziren martxoan COVID-19ak jota. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun langile bat koronabirusak jotako gaixo bat artatzen.
500 pertsona hil ziren martxoan COVID-19ak jota. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko lehen hiruhilekoan 6.475 heriotza izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urteko epe berean baino % 7,7 gehiago, Eustatek gaur emandako datuen arabera. COVID-19a 500 heriotzaren erantzule izan zen, denak martxoan.

Hiru lurraldeetan igo ziren heriotzak, baina bereziki esanguratsua izan zen Araban izan zen gorakada, % 33,8 bertakoa izan baitzen, 962 pertsona. Bizkaian, heriotzek % 5,5 egin zuten gora (3.549 hildako), eta, Gipuzkoan, % 1,9 (1.964 hildako).

Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren; 1.662 eta 1.501 heriotza, hurrenez hurren. Alegia, bi horiek heriotzen % 48,9 izan ziren. Hirugarren heriotza kausa arnas gaixotasunak izan ziren; 693 heriotza egon ziren (% 10,7). Koronabirusa laugarren heriotza kasua izan zen, 500 pertsona hil ziren COVID-19ak jota.

2020ko lehen hiruhilekoan, hain justu, hasi zen COVID-19aren pandemia, eta lehen heriotzak martxoan izan ziren. 500 izan ziren guztira, bi taldetan banatuta: 427 egiaztatutako COVID-19aren ondorioz, eta 73 ustezko COVID-19aren ondorioz; gainera, beste 17 heriotzatan COVID-19a ziurtatutako heriotza-kausen artean egon zen, baina ez zen funtsezko kausa izan.

Lurraldeka, heriotza zifrarik altuena Bizkaian erregistratu zuten (240), ondoren Araban (180) eta, gero, Gipuzkoan (80). Hiriburuei dagokienez, Gasteiz nabarmendu behar da (151 heriotza), gero Bilbo (77) eta, azkenik, Donostia (17). Aipatzekoa da, halaber, gaitzak Basaurin izandako eragina (40 heriotza). Gizonen heriotza kopuruak (302) % 50etik gora gainditu zuen emakumeena (198). Adinen arabera, eragin gehien jasan zuten taldeak 80-89 urte artekoena (219), 70-79 urte artekoena (112), 90-99 urte artekoena (107) eta 60-69 urte artekoena (41) izan ziren, eta, besteetan, ez zen ia heriotzarik egon edo ez zen heriotza bat ere egon. Heriotza horiek, nagusiki, Euskadiko ospitaleetan gertatu ziren (% 79,8), eta, ondoren, adinekoen egoitzetan (% 10,6), etxeetan (% 7,2) eta beste leku batzuetan (% 2,4). Eustatek zehaztu duenez, martxoan heriotza kopuruan izandako gorakada (2019ko hilabete berarekin alderatuta, 686 heriotza) ez dagokiola bakarrik COVID-19ari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Minbizia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa