Gizartea -
Koronabirusa
Eskola kiroleko entrenamenduak hasiko dituzte Bizkaian
Entrenamenduak "kontaktu fisikoa murriztuta" eta aldagelarik eta publikorik gabe egin beharko dira. Oraingoz, ez da lehiaketarik izango.
EITB.EUS
Araban bezala, Bizkaian ere astelehen honetan abiatuko dute eskola kirola, lehiaketarik gabe eta entrenamenduak bakarrik eginez hasiko bada ere. Are gehiago, entrenamenduetan segurtasun neurriak zorroztuko dituzte: kontaktu fisikoa murriztuko da, aldagelak ezingo dira erabili eta ateak itxita gauzatu beharko dira.
Entrenamenduak lehenetsi dituzte lehen txanpa honetan. Diputazioaren ustez, "taldea babesteko modurik onena da. Gainera, entrenamenduak erraz kontrolatzeko moduko kirol-jarduerak dira; ezinbestekoa da taldeak ez nahastea".
"Egoera epidemiologikoak hobera eginez gero", berriz ere txapelketei ekiteko aukera aztertuko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Nolanahi ere, egoera hobetu arte, ezingo da partidarik, txapelketarik ez antzekorik jokatu, ezta 'lagunarteko' partidarik ere.
Entrenamenduotan honako baldintzak bete beharko dira, besteak beste: ahal dela, aire librean egingo da, gutxieneko distantzia bermatuta eta ikuslerik gabe; ezingo dira aldagelak erabili eta txanden artean instalazioak garbitu eta desinfektatu beharko dira. Kirol-jardunean izan ezik, maskara soinean eduki beharko da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, Aldundiak ez zuen eskola kirola bertan behera utzi, horren hasiera atzeratu baizik. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu erabakia argudiatzeko: batetik, "ikasturte berriaren hasiera leuntzea eta erraztea", eta, bestetik, "parte hartzen duten entitateei jarduerak prestatzeko astia ematea".