Gizartea -

Ikerketa

EAEko hamar nerabetik zazpik pornografia kontsumitzeko ohitura dute

Hamar mutiletik bederatzik aitortu dute noizbait pornografia kontsumitu dutela; nesken kasuan, hamarretik bostek. Batzuek zein besteek 12 urterekin ikusi dituzte aurrenekoz eduki pornografikoak.

Nerabe bat sakelako telefonoari begira. ETBren bideo batetik ateratako irudia
EAEko hamar nerabetik zazpik pornografia kontsumitzeko ohitura dute
Nerabe bat sakelako telefonoari begira. ETBren bideo batetik ateratako irudia

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan, 12 urterekin hasten dira nerabeak pornografia kontsumitzen, eta ia hamarretik zazpik (% 66,5) gutxienez hilabetean behin ikusten dute pornoa.

Mutilei dagokienez, hamarretik bederatzik aitortu dute noizbait pornografia kontsumitu dutela; nesken kasuan, hamarretik bostek. Batzuek zein besteek 12 urterekin ikusi dituzte aurrenekoz eduki pornografikoak, dela lagunen batek gailu elektronikoren batean erakutsi dizkielako, dela beren kabuz Interneten bilatu dituztelako.

Gehienek (% 90,2) bakarrik daudenean kontsumitzen dute pornografia, sakelako telefonoaren bidez eta doako edukiak (% 98,5). Erdiek baino gehiagok uste dute kontsumo "arduratsua" egiten dutela.

Save the Children erakundearen arabera, indarkeria eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza dute ardatz eduki horiek. Horregatik, "(Des)Informazio sexuala: pornografia eta nerabeak" txostena kaleratu dute, sexuarekin lotutako edukiek gazteen artean eta haien arteko harremanetan duten eragina ezagutzeko.

Horretarako, 13 eta 18 urte bitarteko 1.753 nerabe galdekatu dituzte Espainiako Estatuan. EAEn, guztira 267 adingabek hartu dute parte ikerketan. Horietatik % 52,2k (gehienak mutilak) uste dute pornografiari esker sexu harremanetarako ideiak jasotzen dituztela, eta % 54,9k bete nahiko lituzkete esperientzia horiek. Halere, % 13,9k soilik egin dute bideo horietan ikusitakoa. Horrekin lotuta, Save the Childrenentzat, arduratzeko modukoa da ikusitako hori "imitatu" nahi izatea, kasu askotan bikotekideari baimenik eskatu gabe egiten dutelako. Hain zuzen ere, hamarretik batek aitortu du bikotekidearen baimenik gabe "imitatu" dituela praktika pornografikoak, eta % 4,3k begi onez jo dute, gainera, izandako jokabidea.

Heziketa sexuala

Ikertutako bost autonomia erkidegoen artean, EAE da sexualitateari buruzko heziketari garrantzi handiena ematen diona. Galdekatuen erdiak bederatzi ordutik gorako heziketa jaso du arlo honekin lotuta. Alabaina, nerabeen % 64,3k afektibitatearekin eta sexualitatearekin lotutako informazioaren falta igarri dute.

Indarkeria eta berdintasun eza

Save the Childrenek indarkeriaz eta berdintasunik ezaz ere galdetu die ikerketan parte hartu dutenei. Txostenean jaso dutenez, pornografia kontsumitzen dutenean, adingabeen % 81,2 gai dira indarkeriaz ohartzeko. Eduki horietan, baina, % 60k atzeman dute emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun falta; gainerako guztiek, ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Gazteak