Gizartea -
Gasteiz
Faltan ziren bi irakasleak ordezkatu dituzte Salburua ikastetxean
Hala, zuzendaritza taldea bere zereginetara itzuli ahal izan da, behin-behinean bi irakasle horien lana egiteko utzi eta gero.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur ordezkatu ditu Gasteizko Salburua ikastetxean falta ziren bi irakasleak, Radio Vitoriak jakinarazi duenez. Hala, zuzendaritza taldeko bi kideak euren zereginetara itzuli ahal izan dira (irakasleon lana egiteko behin-behinean utzi zituzten).
Egoera hori salatzeko protesta eguna izan zuten atzo eskolan, guraso elkartea eta irakasleek deituta. Elkarretaratze bana egin zuten Paris eta Erroma kaleetan. Lehenengoan Lehen Hezkuntzako familia eta irakasleak elkartu ziren, eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, bigarrenean.
Zuzendaritza taldeko bi kideek joan den astean Eskolako Organo Gorenari igorritako gutun batean azaldu zutenez, ikasturte hasieratik bi irakasle falta ziren (Haur Hezkuntzako bat eta gorputz heziketakoa, bestea), eta horien ordezkoak ailegatzen ez zirela eta, horien lekua betetzeko zuzendaritzako lanak uztera "behartuta" egon ziren.
Euren hitzetan, Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzeko eta ikasleen gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzeko "sekulako lanak" egin dituzte, baina egungo egoeran ezin dituzte behar horiek ase, besteak beste, behar adina irakasle ez dutelako.
700 ikasle ditu eskolak, eta bi irakasle gutxiagorekin hasi zuten ikasturtea. Eskolako Aintzira guraso elkarteak salatu zuenez, irakasleak behin eta berriz eskatu dituzten arren, Jokin Bildarratz sailburuak zuzentzen duen Hezkuntza Sailetik ez dute erantzunik jaso.