Gizartea -
PROTESTAK
Publikoaren protestek bertan behera utzi dute emanaldi bat Errege Antzokian
Ikuskizuna 21:00etan hastekoa zen, baina ikusleen protestak medio, ezin izan zuten saioa eskaini. Publikoaren zati baten ustez pandemiaren aurrean beharrezko osasun neurriak ez ziren bermatzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilgo Errege Antzokiak bertan behera utzi behar izan du igande honetan Giuseppe Verdiren Un ballo in maschera operaren emanaldia; izan ere, bertaratu zirenetako batzuek euren kexa adierazi zuten publikoan zeuden besaulkien artean segurtasun distantzia ez zelako errespetatzen.
Ikuskizuna 21:00etan hastekoa zen, baina ikusleen protesten ondorioz, ezin izan zen saioa eskaini. Protestak egin zituzten ia guztiak antzokiaren goialdean zeuden, eta, horien ustez, pandemiaren aurrean beharrezko osasun neurriak ez ziren bermatzen.
Hasiera batean emanaldiarekin aurrera egiten saiatu ziren. Bitan egin zuten saiakera, eta lehenengo zatia egin ahal izan zuten. Azkenean, ordea, bertan behera utzi beharra izan zuten.
"Indarrean dauden neurriak" betetzen direla esan du antzokiak
Errege Antzokiak edukieraren aurrean "indarrean dauden" neurri guztiak bermatzen direla esan du. Kexatu zirenak "oso gutxi" izan zirela, eta horiek, gainera, beste toki batzuetan eseri zituztela gaineratu du ohar baten bidez Antzokiak.
Erakundearen esanetan, "905 toki zeuden beteta, gelaren edukiera osoaren % 51,5", eta "ikuslegoaren zati txiki batek euren tokiekin zuten desadostasuna adierazi nahian, txaloak jo eta oihuak egin dituzte”.
"Megafoniatik behin baino gehiagotan ohartarazi genuen, eta beste toki batean eseri edo sarreren dirua itzuliko geniela esan genien behin baino gehiagotan”, esan du Antzokiak.
Publikoaren zati handi bat "mugitu egin genuen", eta "bi bider saiatu ziren orkestrako zuzendaria eta operan parte hartzen zuten artista eta teknikari guztiak emanaldiarekin aurrera egiten", adierazi dute Antzokiko iturriek. Baina "talde txiki batek protestekin aurrera jarraitzea erabaki zuen ikuskizunari boikot eginez, eta, azkenean, 21:00etan, bertan behera utzi behar izan genuen emanaldia", azaldu du.
Errege Antzokiko zuzendaritzak ikerketa abiatuko du gertatutakoa ikertzeko, eta ondorengo emanaldiak ahalik eta ondoen egin ahal izateko neurriak hartuko dituela jakinarazi du.