Gizartea -

KORONABIRUSA

Zestoak gune publikoak eta tabernak itxiko ditu, COVID-19 agerraldi bat dela eta

Azken egunotan kutsatze kopuruak izan duen gorakada ikusita, Zestoako Udalak ekipamendu publikoak eta tabernak ixtea erabaki du, eta herritarrei harreman sozialak murrizteko eskatu die.

Zestoako plaza. Argazkia: Zestoako Udala
Zestoako plaza.
Zestoa erdialdeko ekipamendu publikoak eta tabernak itxi egingo dituzte

2:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zestoa erdialdeko ekipamendu publikoak eta tabernak itxi egingo dituzte irailaren 21etik, astelehena, aurrera, COVID-19 agerraldi bati aurre egiteko.

Mikel Arregi Ertxin alkateak Euskadi Irratiari jakitera eman dionez, ostegunean atzeman ziren lehen positiboak eta geroztik, 30 kasutik gora baieztatu dira 3.800 biztanleko herrian,"adin eremu guztietan". Gaur bertan jende gehiago joan da Zarautzera PCR probak egitera, eta bizpahiru egun beharko dituzte "kutsatze komunitariorik dagoen ala ez" jakiteko.

Ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak eguneko zentroa ixtea erabaki zuen eta astelehenean eskolak ateak irekiko dituen arren, LH2ko 40 ikasle konfinatuta daude une honetan (270 ikasle dira guztira).

Udal talde osoa ere koarentena egiten ari da, zinegotzi batek positibo eman eta gero. Gauzak horrela, Udalak neurriak hartzea erabaki du:

Batetik, Udalak itxi egingo ditu herrigune nagusiko ekipamendu publiko guztiak (kiroldegia, Iraetako futbol zelaia, Kultur Etxea -gaztetxea barne-, Liburutegia eta beheko aretoa, Gaztelekua eta osasun etxe zaharra eta zentro txikia).

Bestetik, herriko tabernariekin hitz eginda, transmisio komunitarioa egon den ala ez argitu bitartean, erdiguneko taberna guztiak ere itxita egongo dira.

"Egoerari aurre egiteko orain arteko gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa da" adierazi die herritarrei Udalak, "pertsonen arteko zenbat eta harreman gehiago, orduan eta kutsatze arrisku handiagoa. Beraz, ahalik eta azkarren agerraldi berri hau kontrolpean izan nahi badugu, gure harreman sozialak murriztea komeni da".

Udaletxea ez da itxita izango baina egin beharreko tramiteak online edo telefonoz egiteko eskatu diete herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasunari buruzko albisteak Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Zestoa albisteak Tabernak Euskadin gaur Covid birusaren olatu berria