Gizartea -

Koronabirusa

Madrilgo 37 gunetan mugikortasuna mugatuta dute gaurtik hasita

Taldean gehienez sei pertsona bildu ahalko dira. Neurri hori erkidego osoan egongo da indarrean.

Madril. Argazkia: EFE
Madril.
Madril. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz egoera kritikoa dute Madrilgo Erkidegoan, eta kutsatzeen gorakada gelditzeko asmoz, neurri murriztaile berriak sartu dira indarrean, ostiralean Isabel Diaz Ayuso presidenteak, Enrique Ruiz Osasun kontseilariak eta Ignacio Agudo presidenteordeak iragarritakoaren ildotik.

Taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua 10etik 6ra jaistea erabaki dute, eremu publikoetan nahiz pribatuan. Neurri hori Madrilgo Erkidego guztian izango du eragina.

Halaber, agerraldi larrienak izan diren 37 zonatan mugikortasuna murriztuko dute eta, ondorioz, herri edo gune horietan bizi diren herritarrak lanera, ikastetxera edo obligazio legalak betetzeko soilik mugitu ahalko dira. Neurri honek 855.193 herritarrengan —Madrilgo Erkidegoko biztanleriaren % 13— izango du eragina.

Gune horietan tabernak eta dendak beranduenez 22:00etan itxi beharko dituzte eta edukiera % 50era murriztuko dute.

Aipatu neurriak 14 egunez egongo dira indarrean, baina egoera hobera egingo ez balu, Madrilgo Gobernuak salbuespen egoera luzatzeko aukera izango du.

"Alarma egoera ezarri behar izatea saihestu behar dugu, baina batez ere isolamendua; berriro etxean bakartu behar izanez gero, ekonomiaren hondamendia izango da", ohartarazi du Isabel Diaz Ayusok. Ildo horretan, iragarri du datorren astean milioi bat test egingo dituztela birusa kontrolatzeko asmoz.

Aipatu 37 guneetan 100.000 biztanleko 1.000 positibo baino gehiago antzeman dituzte. Madrilgo Erkidegoan detektatu dituzten kasuen % 25 zona horietan izan dira.

Carabanchel, Usera, Villaverde, Villa de Vallecas, Puente de Vallecas eta Ciudad Lineal distrituetako 26 zona eta Fuenlabrada, Humanes, Moraleja de Enmedio, Parla, Getafe, San Sebastian de los Reyes eta Alcobendas herrietako 11 zona dira.

Debeku berriak

Herritarrek galarazita izango dute aipatu guneetan sartzea edo ateratzea. Mugikortasuna baimenduta egongo da erietxera, lanera, ikastetxera, ohiko bizilekura joateko edo adineko pertsonak eta laguntza behar dutenak zaintzeko bada.  

Era berean, posible izango da banketxera, epaitegira, agiri ofizialak berritzera, azterketa edo proba ofizialak egitera joatea.

Sei pertsona baino gehiago biltzea debekatuta egongo da, eremu publikoan eta pribatuan, baina ez lantokian edo erakundeetan.

Dendek eta tabernek % 50eko edukiera izango dute eta beranduenez 22:00etan itxi beharko dute. Edonola ere, ostalarien kasuan, ordu horretatik aurrera etxera janaria eramateko aukera izango dute.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Osasun albisteak Koronabirusa