Gizartea -

Araba

Anbulantzia bateko bi langilek Araian jasandako erasoa salatu du LABek

"Zoritxarrez gisa horretako gertakariak ohikoak dira anbulantzietako beharginen artean, babesik gabe lan egiten dutelako", salatu du LAB sindikatuak ohar baten bidez.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araian (Araba) Larrialdietako Garraio Sanitarioen Sareko bi langilek jasandako erasoa salatu du LABek. Ostiral honetan bidalitako ohar batean sindikatuak zehaztu du gizon batek anbulantzia bateko bi behargin kolpatu eta iraindu zituela, artzatzen ari zitzaizkionean.

Irailaren 12an gertatu zen erasoa. Dirudienez, zaurituta zegoen gizon baten bila joan zen anbulantzia Araiara. Hark erakutsitako jarrera zakarraren aurrean, laguntza eskatu zuten sanitario biek.

Ertzaintza ordu erdi geroago iritsi zen, eta ordura arte gizonak ez zuen jarrera aldatu. Bi sanitarioek, izututa, Gasteizko Santiago Ospitalerainoko bidean laguntzeko eskatu zieten agenteei, baina ezinezkoa zitzaiela erantzun zieten, babes lanak egiteko baliabiderik ez dutela arrazoituta.

Ospitalera bidean gizonak aztoratuta jarraitzen zuela ikusita, bi beharginek Aguraingo osasun zentroan gelditu zuten anbulantzia. Berriro ere, laguntza eske deitu zuten, eta 15 minutu geroago heldu ziren agenteak. Kasu honetan, baina, haien babesa izan zuten bidean.

"Zoritxarrez gisa horretako gertakariak ohikoak dira anbulantzietako beharginen artean, babesik gabe lan egiten dutelako", kritikatu du LAB sindikatuak ohar baten bidez.

Hartara, segurtasun protokoloak ikuskatzea eta anbulantziako eta Ertzaintzako langileei bitarteko gehiago eskaintzea eskatu du LABek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba LAB Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak Arabako Lautada azken ordukoa