Gizartea -
Kasazio errekurtsoa
Montanok helegitea jarriko dio 'Ellacuria' auziagatik jaso duen 133 urteko zigorrari
Haren abokatuak kasazio errekurtsoa aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Auzitegi Nazionalak emandako epaiaren aurka. Bost jesuitaren hilketak antolatu eta agintzeagatik zigortu zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoak helegitea jarriko dio, 1989an bost jesuita hiltzeagatik (horien artean Ignacio Ellacuria), Auzitegi Nazionalak ezarri dion 133 urteko espetxe zigorrari.
Iturri juridikoek jakitera eman dute haren abokatuak kasazio errekurtsoa aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean, iragan astean emandako epaiaren aurka. Esan bezala, bost hilketa horiek antolatu eta agintzeagatik zigortu zuten epaileek.
Epaiketan, Montanok berak ukatu egin zuen hilketen inguruko erabakia hartu eta horiei buruzko informazioa jaso izana, "ez militarren partetik, ezta Alfredo Castraniren partetik ere".
Epaileek, aldiz, ziurtatu dute El Salvadorren 1989ko azaroaren 6an gertatutako zortzi hilketak Indar Armatuetako buruak "antolatutako, aurretik erabakitako eta agindutako ekintzak" izan zirela.
Garai hartan Indar Armatuetako kide zen Montano; Segurtasun Publiko ministrorde ere bazen. Horregatik egotzi diote jesuitak hiltzeko erabakian parte hartu izana. Izan ere, erabaki horren ondotik iritsi zitzaion Guillermo Benavides Eskola Militarreko koronel zuzendariari jesuitak hiltzeko mandatua. Hain zuzen ere, auzi honengatik El Salvadorren orain arte zigortu duten pertsona bakarra da Benavides.
Ebazpenaren arabera, bost hilketatan "parte hartzeagatik" zigortu dute Montano.