Gizartea -
Pintadak
'Pikara Magazine' aldizkariaren aurkako eraso matxista salatu du Europako Kontseiluak
Ohar batean adierazi duenez, "aurten erredakzio horretako berriemaileei mehatxu egin dieten laugarren aldia da". Testuinguru horretan, taldeak gertatutakoa salatu duela gaineratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Pikara Magazine aldizkari feministaren aurka ezezagun batzuek egindako pintaketa matxistak salatu ditu kazetarien eta berriemaileen segurtasuna bermatzea helburu duen Europako Kontseiluaren plataformak. Pintaketa horiek astelehen goizean egin zituzten taldeak Bilbon duen egoitzaren aurrealdean.
Oraingo honetan, "La violencia no tiene género" (Indarkeriak ez du generorik) idatzi zuten erasotzaileek. Ildo horretatik, Europako Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Nazioarteko Federazioak egin zituzten salaketak jaso ditu Europako Kontseiluak.
Horrez gain, "Putas de Soros" ere idatzi zuten, George Soros filantropo estatubatuarrak aldizkari digitala finantzatzen duela salatu nahian. Dena dela, Sorosek ez diela dirurik eman ziurtatu du Pikara Magazine aldizkariko zuzendaritzak.
Europako Kontseiluak adierazi duenez, "aurten erredakzio horretako berriemaileei laugarren aldiz egin diete mehatxu", eta gertatutakoa salatu duela gaineratu du.
Bilboko egoitzaren aurrealdean agertu diren pintaketa matxista horiek sinatu gabe dauden arren, aurrekoetan eskuin muturreko taldeei egotzi dizkiete erasoak.
Horrez gain, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak publikoki salatu dute Pikara Magazine aldizkariaren aurkako pintaketak, eta "adierazpen askatasunaren eta informazioa askatasunez emateko eskubidearen aurkako erasoa" izan dela azpimarratu dute.
Europako Kontseiluko plataformak Espainiako Gobernuaren erantzuna jasotzea espero du orain, urtea hasi zenetik Espainiari zuzendutako laugarren oharra baita.