Gizartea -
Eguraldia
Goizalde bereziki beroa izan da gaurkoa: 29 ºC arteko tenperaturak
Haizeak hegoaldetik jo du azken orduetan, zakar, eta hala, zenbait lekutan termometroa ez da 20 ºC-tik behera jaitsi.
EITB.EUS
Beroagatik ezarritako abisu horia bertan behera zegoen arren, bereziki beroa izan da goizaldea Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jasotako datuen arabera, tenperatura altuak erregistratu dituzte bart, eta zenbait lekutan termometroak ez dira 20 ºC-tik behera jaitsi. Euskalmeten estazio meteorologiko sarean jasotako tenperatura altuena Higerren (Hondarribia, Gipuzkoa) atzeman dute: 29,9 ºC.
07:00etan, 30 ºC inguruko tenperaturak izan dituzte kostaldean. Donostian, esaterako, 28 gradu izan dituzte (Miramongo estazioa). Bilbon, Deustuko estazioak 27 ºC erregistratu du. Barnealdean, apur bat gehiago jaitsi dira termometroak: Paganosen (Guardia, Araba) 21 gradu; 22 gradu, Gasteizen (Abetxukoko estazioa) eta 24, Arrasaten (Gipuzkoa).
Izan ere, leku askotan egunaren amaieran espero dituzte eguneko hotzenak:
Gaur, atzo bezala, berotik dator eguna. Iragarpenaren arabera, tenperatura maximoak 35 ºC-ren bueltan ibiliko dira. Aipatzekoa da eguneko tenperatura minimoak azken orduetan neurtuko direla, goizeko lehen orduetan hego-haizea bizi ibiliko baita. Arratsaldean, haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du kostaldean. Goizean goiz zerua garbi egongo da, baina goizak aurrera joan ahala erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituz joango dira, eta arratsalde-gau partean zerua hodeitsuago egongo da.
Hain justu, tenperatura altuak, hego haizea eta hezetasun maila txikia tarteko, baso-sute arriskuagatik abisu horia dago 18:00ak arte.