Gizartea -
KORONABIRUSA
Donibane Lohizune eta Baionako beste bi ama eskola itxi dituzte COVID-19a dela eta
Atzo Angeluko haurtzaindegi bat itxi zutela jakin zen eta ostegunetik itxita dira Biriatuko, Baionako, Larresoroko eta Larraineko eskola bana eta Hendaiako zein Basusarriko gela bana konfinatuta dira.
EITB.EUS
Irailaren 1ean hasi zen 2020-2021 ikasturtea Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik, hainbat eskola eta haurreskola itxi behar izan dituzte, COVID-19 kasuen agerpenagatik.
Asteburu honetan jakin denez, haurtzaindegi bat itxi dute Angelun, irakasle batek COVID-19an positibo eman ostean. Ez da jakitera eman zein den haur eskola baina bai erabakiak 36 familiari eragiten diola. Irailaren 14tik, astelehena, 16ra itxita egongo da oraingoz.
Baionako haurtzaindegi bat eta Donibane Lohizuneko Oihana ikastolako ama eskola ere ixtea erabaki dute asteburu honetan, arrazoi beragatik.
Astean zehar, berriz, lau eskola itxi zituzten eta bi gela konfinatzea erabaki. Biriatuko Xaho ikastola (24 ikasle konfinatuta), Baionako eskola publikoa (4 irakaslek eman dute positibo), Larresoroko eskola (LHko 84 ikasle etxean) eta Larraineko eskola daude erabat itxita, eta Hendaiako zein Basusarriko bi gela konfinatu dituzte (20 haur Hendaian eta 26 Basusarrin).
Hain zuzen ere, hainbat neurri murriztaile hartu zituen atzo Pirinio Atlantikoetako prefetak departamentu osorako, koronabirusa indarra hartzen ari dela ikusita: Astelehenetik aurrera, musukoa janztea derrigorrezkoa izango da Lapurdiko hainbat herritako erdiguneetan, 10era mugatuta geratu dira bilerak eta debekatuta egongo dira 5.000tik gorako ekitaldiak.