Gizartea -
KORONABIRUSA
Musukoa derrigorrezkoa izango da Lapurdiko kostalde osoan, eremu gorrira igaro ostean
Hendaiako, Hiriburuko, Bokaleko eta Angeluko erdigunean une oro erabili beharko da. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak 10 pertsonara mugatu ditu, bestalde, pertsona topaketak.
EITB. EUS
Frantziako Gobernuak eremu gorrira igaro zuen atzo Ipar Euskal Herria, COVID-19aren zirkulazio handia dela eta: asteazkenean, 100.000 biztanleko 51,2 kasu zeuden Pirinio Atlantikoetako departamentuan, eta atzo, 57,2. Gaur, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu: maskara derrigorrezkoa izango da beste zenbait hiritan eta mugatu egingo da bildu daitekeen lagun kopurua.
Oraingo neurri hauek "arinak" direla esan du Spitzek, eta egoerak hobera egiten ez badu neurri "zorrotzagoak" hartuko dituztela ohartarazi du.
Toki itxietan eta enpresetan derrigorrezkoa da jada maskara erabiltzea Iparraldean. Kalean, baina, orain arte Baionako, Biarritzeko, Bidarteko, Ziburuko, Ezpeletako, Getariko, Donibane Lohizuneko eta Donibane Garaziko erdiguneetan baizik ez zen derrigorrezkoa. Gaurtik aurrera, ordea, Hendaian, Hiriburun, Bokalen eta Angelun ere derrigorrezkoa izango da.
Eric Spitzek iragarri duenez, "neurria errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du; eta hamabost eguneko epean errepikatzen bada, 1.500 eurokoa".
Hemendik aurrera, gainera, gehienez 10 pertsona bildu ahal izango dira, eta topaketa horiek tabernan izanez gero, eserita egon beharko dute derrigor. Zutik ezingo da ezer kontsumitu.
Dena dela, erabaki horiek guztiak ez dira oraindik Frantziako Egunkari Ofizialean argitaratu. Bihar argitaratuko direla iradoki du Spitz prefetak, eta, beraz, astelehenetik aurrera izango lukete balio juridikoa.