Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk COVID-19aren 635 positibo berri zenbatu ditu eta Nafarroak 340 eta heriotza bat

Lurraldez lurralde aztertuta, Araban 97 kasu berri detektatu dituzte, Bizkaian 342 eta Gipuzkoan 174. 22 kasu EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Jendea Bilbon paseatzen. Irudia: EFE
Jendea Bilbon paseatzen
Jendea Bilbon paseatzen. Irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk 635 koronabirus kasu berri erregistratu ditu azken 24 orduetan, bezperan baino 26 gutxiago, atzo 661 kasu positibo atzeman baitziren. Asteazkenean, 8.389 PCR proba egin zituzten, asteartean baino 1.517 gutxiago.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19arekin lotuta, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Egun 288 pertsona daude ospitaleratuta EAEn COVID-19aren ondorioz, horietako 55 zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino hiru gehiago.

Asteazkenean, 8.389 PCR proba egin zituzten EAEn, eta horietatik 635ek eman dute positibo. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 97 kasu berri detektatu dituzte, Bizkaian 342 eta Gipuzkoan 174. 22 kasu, berriz, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

R0 indizea, gaixo batek kutsatu dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 1,04koa da, aurreko egunekoa baino bi hamarren gehiago.

Bizkaian, Bilbok 105 positibo berri bildu ditu, eta nabarmentzekoak dira Getxon azken orduetan zenbatu dituzten 26 kasuak, Barakaldoko 24ak, Sestaoko eta Portugaleteko 18ak, Mungiako 15ak eta Leioako 12ak.

Araban, 97 kasuetatik 88 Gasteizen erregistratu dira; Gipuzkoan, berriz, 54 kasu gehiago izan dira Donostian, 16 Irunen eta 12 Lasarte-Orian.

Kutsatu berrien kopuruak adinaren arabera aztertuz gero, kutsatu berrien kopururik handiena, 109, 50 eta 59 urte bitarteko pertsonei dagokie. Hala ere, 101 kasu jakinarazi dira 40 eta 49 urte bitartekoen artean, eta beste 100 kasu 20 eta 29 urte bitartekoen artean.

PCR probak Zaldibarren

Zaldibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean bost kasu positibo detektatu direnez irakasleen artean, PCR probak hasi zaizkie egiten langile guztiei Galdakaoko Ospitalean.

Emaitzen arabera hartu beharreko neurriak zehaztuko dira. Oraingoz, ikerketa epidemiologikoaren lehenengo ondorioak ikusita, kutsatzeak eskolatik kanpo gertatu direla esan daiteke.

EAEko egoitzen egoera

Gipuzkoako adinekoen egoitzek bi positibo atzeman dituzte azken orduetan erabiltzaileen artean, eta, ondorioz, 55 pertsona kutsatu dira Gipuzkoako egoitza-sarean, Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak jakitera eman duenez.

Kasu berriak Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan izan dira. Gaur egun, adinekoen lau egoitzek dituzte COVID-19 kasu aktiboak erabiltzaileen artean: Anaia Garate - Donostiako San Inazio (2), Hernaniko Santa Maria Magdalena (31), Errenteriako Jesusen Bihotza (15) eta Donostiako Alai-Etxe (7).

Araban, bi positibo berri atzeman dituzte, bata Tagore egoitza pribatuan eta bestea Txagorritxun, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Nafarroan 340 kasu positibo eta heriotza bat izan dira

Foru Erkidegoak 340 kasu positibo berri zenbatu zituen atzo, 64 urteko emakume bat hil zen egunean; guztira, 541 pertsona hil dira, eta 18 ospitaleratu dituzte, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 3.148 PCR proba egin ziren, eta % 10,6k eman dute positibo.

Zonaldeka, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 49 daude, Tuteran % 31 eta Lizarran % 4.

Adin-tarteen araberako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 eta 29 urte artekoak eta 45 eta 59 urte artekoak dira; biak, talde guztien % 24rekin.

Jarraian, 30 eta 44 urte bitarteko pertsonak daude (% 21), 15 urtetik beherakoak (% 17), 60 eta 75 urte artekoak (% 7) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 6).

Kasu berrien batez besteko adina 36,3 urtekoa da, eta % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Nafarroako ospitale-sarean 121 pertsona daude ospitaleratuta, horietako 7 zainketa intentsiboetako unitateetan eta beste 16 etxean. Gainerakoak, 99 paziente, gela arruntetan daude.

"COVID-19aren intzidentzia egonkortua edo jaitsieran dago Espainian"

Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak azaldu duenez, koronabirus berriaren transmisioaren eragina "egonkortua edo jaisten ari da" Espainiako probintzien erdietan.

"Infekzioan behatutako kasuen eragina orain arte ikusten ari garena baino askoz txikiagoa da, eta, beraz, dirudienez, Espainian kutsatzeen erritmoa leuntzen ari da, baina oraindik transmisio handia dago", adierazi du Simonek prentsaurreko batean.

Gainera, Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak esan du Europa osoa dagoela koronabirus berria kutsatzeko "igoera fasean"; Espainia, berriz, "Erritmoa leuntzen" ari da, eta, are gehiago, herrialdea da, Alemaniarekin batera, Europako egungo heriotza-tasa "txikienarekin".

Osasun Ministerioak ostegun honetan jakinarazi duenez, 10.746 koronabirus kasu berri izan dira; 4.137, azken 24 orduetan. Madril da azken 24 orduetan jakinarazitako kutsatze berrien zerrendan buru (1.509), Euskaditik oso urrun (530). Andaluzia (380) eta Aragoi (360) daude EAEren atzetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea gaur