Gizartea -

Koronabirusa

Basaras: "Ohikoa da albo-efektuak atzeman eta txertoen ikerketak eten behar izatea"

Oxfordeko Unibertsitatearen ikerketan gertatutakoari buruz galdetuta, Basarasek esan du txerto asko bidean geratuko direla, ohikoa delako saiakuntza klinikoen hirugarren fasean oztopoak aurkitzea.

Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea
Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea
Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan jakin dugunez, AstraZeneca botika konpainiak eten egin du COVID-19aren aurka, Oxfordeko Unibertsitatearekin batera, garatzen ari zen txertoaren ikerketa, parte-hartzaileetako bati gaixotasun larri bat atzeman ondoren. Konpainiak berak onartu du "ohikoa" dela gisa horretako albo-ondorioak jazotzea, baina informazio hori egiaztatzeko asmoarekin, eitb.eus-ek Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslearekin (Derio, Bizkaia, 1968) hitz egin du, azalpen zehatzagoak bilatzeko asmoz.

"Espero genezakeen zerbait gertatu da. Hirugarren faseko saiakuntza klinikoetan ikusi ohi da txertoak seguruak eta eraginkorrak diren, eta kasu honetan bigarren mailako ondorioak agertu dira. Orain, albo-ondorio horrek txertoarekin zerikusirik duen ala ez aztertu beharko dute", adierazi du Basarasek.

Haren esanetan, zenbait botika-konpainia hainbat saiakuntza egiten ari dira, alegia, hainbat txerto mota ari dira probatzen, eta horietako asko "bidean geratuko dira, ez dute aurrera egingo". Nolanahi dela, goizegi da Oxfordeko Unibertsitatearen ikerketa guztiz etengo den jakiteko.

"Esan bezala, ohikoa da bidean trabak aurkitzea, beste txerto batzuekin ere gauza bera gertatu da. Jazo dena zehazki zer den, zergatik gertatu den eta zein arazo sortu dituen aztertu behar dute. Horren arabera, etena laburragoa edo luzeagoa izango da”, azaldu du.

Gaur-gaurkoz, ez dute jatorri zehazgabeko gaitz horri buruzko datu gehiagorik eman, "kontu larria" izan dela salbu. Zaila da, hortaz, txertoak zenbaterainoko kaltea eragin duen ezagutzea.

Bidean aurkitutako oztopoak oztopo, txertoa gure artera noiz helduko den galdetuta, Basarasek erantzun du oso zaila izango dela 2020 bukatu orduko txerto eraginkor eta seguru bat izatea: "Arinegi jota, 2021ean iritsiko balitz, albiste oso ona izango litzateke", azpimarratu du, birusa "gure artera" heldu zenetik oso denbora gutxi igaro dela iritzita.

Farmazia-konpainien lehia

Jakina da laborategietan goiz eta gau ari direla lanean, txerto eraginkorren bat bilatu nahian. Botika-konpainien arteko lehia ere askoren ahotan da azkenaldian, txertoa nork lehenago merkaturatu dabiltzalakoan. Basarasen iritziz, baina, lehia hori "aberasgarria" ere bada, inplikazio maila altua dagoelako, eta horrek txerto bat baino gehiago egotea ekar lezakeelako. "Beste gaixotasun batzuentzako txerto bakarra dago", erantsi du.

Aitzitik, ausarta da txertoa "miraritzat" hartzea, oraindik ikusteko baitago eraginkortasuna zenbaterainokoa izango den. Basarasen hitzetan, gerta liteke txertatutakoen % 50 soilik immunizatzea.

Horregatik, nabarmendu du nahitaezkoa dela babes-neurriak hartzen jarraitzea eta COVID-19arekin bizitzen ikastea: "Argi izan behar dugu birusa gelditzeko asmoz etorri dela".

Bestelako tratamenduak

Txertoak ez ezik, COVID-19 birusari aurre egiteko tratamenduek ere itxaropena dakarte pandemia egoera honetatik ateratzeko ahaleginean. "Martxotik, adituek asko ikasi dute botika kontuetan", esan du Basarasek.

Eta txertoa iristen denean, zer?

Ziur asko, gehiegi esatea da txertoaren merkaturatzeak koronabirusaren aurkako borrokan irtenbidea ekarriko duela. Orain arte esandakoa aintzat hartuta, "luze jo dezakete oraindik ikerketek, eta behin txertoa merkatuan dela, ez dira milioika dosi egongo". Horregatik, azkenaldian entzun duguna betez, adinekoek, patologiak dituztenek eta osasun zerbitzuetako langileek izango dute lehentasuna, hots, kutsatzeko arrisku handiagoa dutenek.

Egungo egoera

Basarasek berretsi du birusak birulentzia bera zeukala udaberrian. Hartara, gaur egun martxoan baino asintomatiko gehiago egoteak badu beste azalpen bat. "Duela bost hilabete egunean 1.000 PCR proba egiten zituzten, eta orain 9.000ra igo da kopuru hori. Ondorioz, normala da sintomarik ez duten pertsonen kopuruak gora egitea, garai batean ez zirelako asintomatikoak atzematen. Lehen, larri zeudenen berri bakarrik geneukan, eta egoerak horregatik zirudien larriagoa. Horrek ez du esan nahi asintomatiko gehiago daudenik", zehaztu du.

Bukatzeko, garrantzia eman nahi izan dio egunotan izan diren ospitaleratzeei, zainketa intentsiboetako unitatetan geroz eta jende gehiago dagoelako. "Garbi izan behar dugu birulentzia ez dela gutxitu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa