Gizartea -

koronabirusa

Eskolara buelta: Zer egin gaixotasun sintomak atzemanez gero

Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloak kasu susmagarri baten aurrean zelan jokatu behar den, eta behin baieztatuta dagoenean, ezarritako jarraibideak zeintzuk diren ezartzen du.

Eskola-ume bat Nafarroako ikastetxe batean. Argazkia: EFE
Eskola-ume bat ikastetxe batean
Eskola-ume bat Nafarroako ikastetxe batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren ikasturtea izango da 2020-21ekoa. Haur eta nerabeak ikasgeletara itzuli behar diren honetan, ezinbestekoak dira gaixotasunaren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak hartzea eta, sintomarik atzemanez gero, ezarritako jarraibideak betetzea. Horren aurrean, protokoloa garatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta honako irizpideak ezarri ditu sintomarik izanez gero kontuan izateko:

a) COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten ikasle, irakasle edo langileak ez dira eskolara joango. COVID-19a diagnostikatu zaielako isolatuta daudenak ere ez dira eskolaratuko, ezta COVID-19aren sintomak dituen edo diagnostikoa jaso duen lagunen batekin harreman estuan egon delako etxean berrogeialdian dagoen inor ere.

b) Etxean norbaitek COVID-19aren diagnostikoa jaso badu, gurasoek horren berri emango diete eskolako eta osasun alorreko agintariei, eta semea edo alaba etxean izan beharko dute.

c) Ikastetxean gaitzaren sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna…) izan ditzakeen pertsonaren bat izanez gero, horretarako prestatutako isolamendu-gela batera eramango dute. Gela horrek higiene eta aireztapen neurri egokiak bete beharko ditu, eta kasu susmagarri batekin erabiltzen den bakoitzean desinfektatu egingo da. Ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraziko zaio, eta hark Prebentzio Zerbitzuko arlo medikoari jakinarazi dio.

Ikaslea bada, berarekin doan pertsonak neurriak hartuko ditu: distantzia eta maskara. Ikastetxeko zuzendaritza edo ikastetxean COVID-19a prebenitzeko ardura duen pertsona familiarekin harremanetan jarriko da, etxera eramateko. Familia bere osasun zentroarekin harremanetan jarriko da, haren jarraibideak betetzeko.

Hezkuntza Sailaren menpeko langilea bada, isolamenduan jarriko da (maskara jantzita) eta etxera joango da ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi ostean; zuzendaritzak Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko arlo medikoari jakinaraziko dio.

— Beste enpresa bateko edo Administrazio Orokorreko langilea bada, ikastetxeko zuzendaritzari, dagokion Prebentzio Zerbitzuari eta Hezkuntza Sailekoari jakinaraziko die, eta haren jarraibideak beteko dira.

d) Pertsona hori kasu susmagarritzat joko da, eta etxean isolatuta egon beharko du proba diagnostikoen emaitzak izan arte, Osasun Sailaren COVID-19aren Zaintza Epidemiologikoko Protokoloan adierazitakoaren arabera.

e) Probaren emaitza izan arte, ez da kontaktu estuei buruzko ekintzarik egingo, eta irakaskuntza-jarduerak normaltasunez jarraituko du, higiene-neurriak zorroztuz. Kasua berresten bada, kontaktuen azterketa egingo da hezkuntza-ingurunean eta hezkuntza-ingurunetik kanpo, kontaktuak ezarrita dagoenaren arabera identifikatuz, sailkatuz eta horien jarraipena eginez.

f) Kasua baieztatuz gero, kontaktuen azterketa egingo da hezkuntza-ingurunean eta handik kanpo, kontaktuak identifikatuz, sailkatuz eta haien jarraipena eginez, Osasun Publikoko Zuzendaritzak ezarritakoaren arabera. Ikastetxean harreman estuak identifikatzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: — Baieztatutako kasua bizikidetza-talde egonkor batekoa bada, harreman estutzat hartuko dira taldeko kide diren pertsona guztiak. — Konfirmatutako kasua ez bada bizikidetza-talde egonkor batekoa, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dira, ikastetxeko Zuzendaritzarekin eta Prebentzio Zerbitzuko koordinatzailearekin lankidetzan.

Haurrak eskolan.

Bizikidetza-talde egonkor bateko kide izatea edo ez gako izango da ezarri beharreko neurriak erabakitzeko. Argazkia: EFE

g) Kasu bat baino gehiago agertuz gero Agerralditzat hartuko da lotura epidemiologiko bat ezarri den infekzio aktiboko hiru kasu edo gehiago izanez gero. Hiru agertoki posible daude:

— Agerraldi kontrolatuak edo noizbehinkako kasuak. Transmisio-kateak ondo definituta badaude. Egoera hau talde bakar batean gerta daiteke edo independenteak diren bizikidetza-talde egonkor batzuetan aldi berean. Horietako bakoitzerako kontrol-jarduera espezifikoak adieraziko dira, ohiko kontrol-neurriak ezarriz: kasuen isolamendua eta talde edo gela independente bakoitzeko kontaktuen identifikazioa eta berrogeialdia

— Agerraldi konplexuak edo noizbehinkako komunitate-transmisioa. Transmisio-kateak erraz identifikatu ezin badira edo adar bat baino gehiago agertzen badira, kasu bat baino gehiagoren sorrerarekin. Egoera hori hainbat talde edo ikasgelatan hautemandako kasuen ondorio da, talde batetik bestera nolabaiteko transmisio-maila dutenak, birusa ikastetxean sartzeko modua edozein izanik ere. Kasu horretan, kasuen arteko lotura aztertuko da, eta neurri gehigarriak hartzea baloratuko da, berrogeialdia gorde behar duen taldea/taldeak handitzea edota gelak edo lerroak ixtea, esaterako.

Kontrolik gabeko transmisio komunitarioa. Ikastetxean kontrolatu gabeko transmisioa gertatzen dela uste bada, kasu kopuru altua agertu delako, Osasun Publikoko Zerbitzuak arrisku-ebaluazioa egingo du, transmisio-prozesuak non gertatzen diren aztertuz, neurriak eskalatzeko beharra aztertzeko, eta, azken buruan, zentroko eremu bat (adibidez, jantokia) edo ikastetxe osoa aldi baterako ixtea baloratuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak Koronabirusa