Gizartea -

Koronabirusa

Cristina Uriarte: "Kosta egiten zait greba deialdia onartzea"

Jarduneko Hezkuntza sailburuak ulertzen du herritarrak kezkatuta egotea, baina seme-alabak eskolara eramatea "betebeharra" dela gogorarazi du.

Cristina Uriarte Radio Euskadin.
Cristina Uriarte Radio Euskadin
Uriartek dio ''kosta'' egiten dela greba onartzea egoera ''ezezagun'' honetan

3:10

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasturtea hasteko 3 egun falta direnean, Cristina Uriarte jarduneko Hezkuntza sailburuak Hezkuntzako sindikatuen greba deialdia deitoratu du, "inoiz ez bezalako egoera batean, guztiok lagundu behar baitugu".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, sailburuak esan du "ikasturtearen hasiera garaiz" egin zutela ekainean eta uztailean, eta, beraz, uste du ikastetxeek protokoloak "prestatzen joateko nahikoa denbora" izan dutela.

Horren harira, Cristina Uriartek esan du garai hartan ezin zela jakin birusak zer bilakaera izango zuen, eta sindikatuek "egoera ulertu eta bideratzea" espero duela, informazio guztia emateko izango dituzten bileretan.

Ikasgeletako segurtasuna

Hezkuntza sailburuaren esanetan, Saila lanean ari da ikasturtearen hasiera segurua izan dadin, baina ohartarazi duenez, "horrek ez du esan nahi birusa ikastetxeetan sartzen ez denik".

Hori dela eta, seme-alabak eskolara eraman nahi ez dituzten gurasoak egotea uler dezakeela esan du, "beldurra norbanakoaren kontua delako", baina "kafetegi batera edo familia bilera batera joanez gero, birusa ere har daiteke", gaineratu du.

Absentismoa

Sailburuak berretsi duenez, "gurasoek jakin behar dute hezkuntza betebeharra dela", eta, beraz, arreta berezia jarriko dela absentismo-egoerak saihesteko.

"Ikuskaritzak jarraibideak eman ditu ikasleak ikasgeletara joateko", zehaztu du. Gainera, koronabirusak sortutako egoera dela eta, mila irakasle kontratatuko dituztela iragarri du.

Cristina Uriarteren arabera, "irizpideekin egingo da, ikastetxe bakoitzaren beharren, azpiegituren eta abarren arabera", nahiz eta, sailburuak esan duenez, 24.000 irakasle dauden nominan hezkuntza publikoan, eta hori "Estatu osoko ratiorik onena da".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla Eusko Jaurlaritza albisteak Grebak gaur EAE Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza COVID olatu berria