Gizartea -
KORONABIRUSA
27 pertsona hil dira EAEn azken astean eta bat Nafarroan azken 24 orduetan
Gipuzkoako zahar-egoitzetan, bestalde, pertsona bat hil da eta 17 kutsatu dira azken orduetan. Lurraldez lurralde, Araban 91 kasu zenbatu dituzte, 246 Bizkaian, 163 Gipuzkoan eta 134 Nafarroan.
eitb.eus
Joan den astean, 27 pertsona hil ziren Euskadin, aurreko astean baino zortzi gehiago. Bigarren olde honen daturik altuena da. COVID-19aren positibo berriek ere gora egin dute, 546 izan baitira azken orduetan. Gainera, 84 urteko gizon bat hil zen asteartean Nafarroan koronabirusak jota, eta beste 134 kutsatu ziren.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaeraren datuak eguneratu ditu asteazken honetan, atzoko datuekin, eta abuztuaren 24tik 30era bitartean COVID-19aren ondorioz izandako heriotza kopurua eman du ezagutzera. Heriotzei buruzko asteroko informazioa asteazkenetan eguneratzen da.
Abuztuko lehen astean bost hildako izan ziren, bigarrenean hiru, hirgarrenean 19 eta azkeneko astean, berriz, 27ra igo da hildakoen kopurua. Horrenbestez, hildakoen kopuruak gora egin du.
Jakinarazitako positibo berriei dagokienez, kasuek gora egin dute azken bi egunetakoekin alderatuta. Igandean 409 izan ziren, astelehenean 445 eta asteartean 546. Alabaina, PCR bidez atzemandako kutsatutakoen ehunekoak behera egin du apur bat.
Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 246 positibo eman dira (astelehenean baino 52 gehiago), Gipuzkoan 163 (17 gehiago) eta Araban 91 (bi gehiago). Gainera, 46 kasu izan dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen artean.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak aztertu daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 276 emakumeak dira eta 270 gizonak.
Positibo eman duten pertsonen adin tarteari dagokionez, gehienek 69 urte azpitik dituzte. Positibo kopuru handiena 20 eta 29 urte bitartean kokatzen da: 99 kutsatze berri zenbatu dituzte. 79 kutsatuk 30 eta 39 eta 50 eta 59 urte bitartean dituzte, eta 76k, berriz, 40 eta 49 urte bitartean. 57 pertsona, aldiz, 10 eta 19 urte bitartekoak dira, eta beste 57 pertsona 60 eta 69 urte bitartekoak. 20 kutsatuk 70 eta 79 urte artean dituzte, 27k 80 eta 89 urte bitartean eta, beste 12k 90 urte baino gehiago. Gainera, 38 kasu erregistratu dituzte 0 eta 9 urte bitarteko haurretan.
EAEko ospitaleetan 61 gaixo ospitaleratu dituzte astearte honetan, 250 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan, eta beste 39 zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Guztira, 289 pertsona daude ospitalean, astelehenean baino zazpi gehiago.
Pertsona bat hil da eta 17 kutsatu dira Gipuzkoako zahar-egoitzetan
Pertsona bat hil da azken orduetan Donostiako zahar-egoitza batean, eta Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroan 17 positibo berri antzeman dituzte. Guztira, beraz, 25 positibo daude Gipuzkoako zahar-egoitzetan.
COVID-19 kasu berriak antzeman zituztenetik, alegia, abuztuaren 11tik, hiru pertsona hil dira gaitz horrek jota Gipuzkoako zahar-etxeetan; guztiak Hermano Garate zentrokoak.
EAEko egoera epidemiologikoa
Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duenez, COVID-19aren eraginari buruzko datuek agerian uzten dute "egonkortze seinaleak" sortzen hasi direla, baina "joera aldaketa" gertatzen ari dela baieztatzeko itxaron egin behar dela gaineratu du. Halaber, prebentzio neurriak zorrozteko deia egin du.
Sailburuak adierazi duenez, azken egunetako positibo berrien datuak, egindako proben gaineko positiboen ehunekoa eta RO berriro 1etik behera dagoela kontuan hartuta, "Euskadi egonkortze zantzuak agertzen hasi da, baina hori finkatu arte itxaron behar da joera aldaketa baten aurrean gaudela baieztatu ahal izateko".
Baheketen emaitzak
Mungiako Goieta tabernan izandako agerraldiari dagokionez, 250 PCR egingo dituzte gaur Urdulizko ospitalean.
Ertzaintzaren Gasteizko ertzain etxeko profesionalei egindako baheketan 31 PCR egin ziren atzo, guztira 310. Oraingoz, emaitza positiboak 2 dira eta negatiboak 289.
Hildako bat eta 134 positibo berri Nafarroan
84 urteko gizon bat hil da astearte honetan Nafarroan COVID-19aren ondorioz, eta beste 134 kasu positibo berri atzeman dira PCR proben bidez, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakitera eman duenez. Gertuko lagunekin eta familiarekin ahalik eta harreman gutxien izateko deia ere egin du.
Atzo egin ziren 1.618 PCR probetatik % 8,2 eman dutela positibo jakinarazi du kontseilariak prentsaurrekoan.
Astearte honetan 9 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta horietako bat zainketa intentsiboen unitatean dago. Nafarroan 88 pertsona daude ospitalean, eta, horietatik, 11 etxean daudela artatzen ari dira.
Abuztuaren 24tik 30era bitarteko egoera epidemiologikoaren berri eman du Santos Indurainek. 100.000 biztanleko 160k eman dute positibo; aurreko astean 180 izan ziren. Osasun Publikoko adituen arabera, larritasuna neurrizkoa da.
Lizarra eta inguruetan joera bestelakoa da, 100.000 biztanletik 133k eman baitute positibo (aurreko astean 136k) . Iruñean berriz, 100.000tik 100ek (aurreko astean 76 izan ziren).
Tuteran ere, joera goranzkoa da, bikoiztu egin baitira kasuak, baina kasu honetan Uvesa Taldearen lantegian egin diren azterketek zerikusi handia izan dutela esan du Santos Indurainek.
"Zonalde honetan joera hori gutxitzea da gure helburua", esan du kontseilariak, eta kutsatu gehienak konfiantzazko harremanetan gertatzen ari direla ere azpimarratu du.
Azken astean, kutsatuen % 70-a 15 eta 54 urte bitartekoak dira, baina 65 urte baino gehiago dituztenen kasuak ere gehitzen ari dira. 15 urtetik beherakoak, berriz, % 10 dira.
Aurreko astean atzeman ziren kasuetatik, 29 ospitaleratu egin zituzten (horien erdiak 62 urtetik behera zituzten) eta bi zainketa intentsiboen unitatean sartu zituzten.
Indurainen esanetan, 100.000 biztanleko 160 kutsatu izan arren, pandemiaren lehen hilabeteetan izandako datua baino askoz ere hobea da, 500 kasutik gora izan baitziren orduan.