Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun Sailak probak egiteko deia egin die Irungo Gaztelumendi tabernako bezeroei
Abuztuaren 24a eta 28a bitartean bertan egon ziren bezeroei PCR proba egiteko hitzordua eskatzeko eskatu diete. 2.000 herritar inguruk egingo dutela aurreikusten du Santano alkateak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19a detektatzeko proba egiteko eskatu die abuztuaren 24a eta 28a bitartean Irungo Gaztelumendi tabernan egon ziren pertsona guztiei.
Bezeroek hitzordua eskatu behar dute Irungo eta Hondarribiko osasun-zentroetan PCRa egiteko, eta probak egiteko eguna eta ordua emango dizkiete.
Baheketa gaur 15:00etan hasiko da, Irungo Ficoba erakustazokan, eta bihar jarraituko du.
Irungo Gaztelumendi taberna San Joan plazan dago, hiriko aisialdirako gunerik ezagunenetako batean, eta duela gutxi ireki ditu ateak, itxita egon ondoren.
Irun da azken egunetan kutsatu gehien zenbatu dituen udalerrietako bat, astebetean 89 zenbatu baitituzte; horietatik 21 astelehenean zenbatu zituzten.
2.000 herritar inguruk PCR proba egingo dutela aurreikusten du Santano alkateak
Irungo alkate den Jose Antonio Santanok, asteazken honetan, esan duenez, PCR proba 2.000 herritar inguruk egitea aurreikusten du udalak. Osakidetzaren deiari erantzun eta gaur arratsaldetik aurrera erraztasun guztiak jarriko dituzte eskura, tabernan izan ziren herritar guztiek proba egin dezaten. Ficoba Erakustazokan izango da aukera, arratsaldeko 15:00etan hasita.