Gizartea -
Atentatua
"Charlie Hebdo"k Mahomaren karikatura argitaratu du berriz ere, epaiketa dela eta
2015ean astekari satirikoaren aurka egindako atentatuaz geroztik, bost urte igaro diren honetan, terroristen konplizeen aurkako epaiketen hasiera aitzakia hartuta argitaratu nahi izan dute berriz ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako epaitegiak asteazken honetan emango dio hasiera Charlie Hebdo astekari satirikoak 2015. urtean bizi izan zuen atentatuan atxilotu zituzten terroristen konplizeen aurkako epaiari. 17 pertsona zendu ziren astekarian bertan egindako atentatuan, baita udaltzain eta Parisko Hyper Cacher supermerkatu judutarraren aurka egindako atentatuetan ere.
"Charlie Hebdo" astekariak azalean argitaratu du, berriz ere, Mahomaren inguruko karikatura, bere garaian, marrazki horrek piztu baitzuen terroristen haserrea, eta orain arte ezkutuan gorde nahi izan duten arren, epaiketarekin bat eginez berriz argitaratzeko une egokia zela adierazi dute.
"Ez gara makurtuko eta ez diogu uko egingo", azaldu nahi izan du Laurent Sourisseauk (Riss), atentatutik onik atera zen langileak eta egun editorialaren zuzendaria denak.
Hamabi marrazkiz osatutako bilduma dugu, eta bertan, Mahoma belauniko negarrez agertu ohi da mezu hau iragarriz: "gogorra da leloengatik maitatua izatea". Cabuk egindako ilustrazio bat da, zeina 2015eko urtarrilaren 7an hil egin zuten.
"Hau guztia honetarako" lelopean argitaratu du asteazken honetako astekariko azala, edizio polemiko hartako karikaturik onenak bertan bilduz.
Erredakziotik azaldu dutenez, 2015etik hainbat izan dira Mahomaren karikaturak berriz argitaratzeko jasotako eskaerak, baina ezetza eman dute beti, izan ere, beraien hitzetan, "legearen babesa dugu, baina zentzuzko arrazoi bat izan behar genuen berriz egin ahal izateko eta hauxe izan da geure aukera".
Epaiketaren hasiera
2015ean astekari satirikoaren aurka egindako atentatuaz geroztik, bost urte igaro diren honetan, terroristen konplizeen aurkako epaiketei hasiera emango diete, bai astekarian bertan egindako atentatuagatik, bai Parisko Hyper Cacher supermekatu judutarraren aurka egindakoagatik ere.
Guztira, 14 akusatu daude epaiketara deituta. Horietako 10, behin-behineko atxilotzearekin, horietariko beste bat begiradapean eta beste hiru, Coulibalyren bikotea barne, bilatzeko eta atxilotzeko aginduarekin. Biziarteko kartzela-zigorra edota 10 eta 20 urte bitarteko zigorrak eskatzen zaizkie errudunei.