Gizartea -
Iruña
Etxetik atera ezinik zegoen 84 urteko gizon bat erreskatatu dute Iruñean
Lurrean botata topatu zuten gizona, altzari bat buruan zuela, eta tokian artatu ostean Nafarroako Ospitalera eraman zuten, anbulantzian. Haren bizilagun batek eman zuen abisua.
Agentziak | Erredakzioa
Lurrera erori eta etxetik atera ezinik hainbat egun igaro dituen 84 urteko gizon bat erreskatatu dute Iruñeko Alde Zaharrean.
Atzo arratsaldean, 18:45 aldera, haren bizilagun batek Udaltzaingora deitzea erabaki zuen, bakarrik bizi den gizonezkoa ikusten ez zuela egun batzuk igaro ondoren.
Emakumeari "arraroa" egin zitzaion bizilaguna paseatzera irteten ez ikustea, egunero egiten baitzuen jarduera hori, eta etxean ere inolako zaratarik ez entzutea. Gainera, gizonaren lagunak etxeraino hurbildu ziren, baina gizonak ez zien deiei erantzun.
Udaltzainak etxebizitzara iritsi zirenean, behin eta berriz deitu zioten txirrinari, baina ez zuten erantzunik jaso. Hori dela eta, agenteek etxebizitza horretako leiho bat irekitzea erabaki zuten. Horrela, adinekoak haien deiei erantzuten ziela entzun zuten.
Une horretan, suhiltzaileei laguntza eskatu zieten, haiek erreskata zezaten, eta eskailera bati esker sartu ziren barrura.
Lurrean botata topatu zuten gizona, altzari bat buruan zuela, eta tokian artatu ostean Nafarroako Ospitalera eraman zuten, anbulantzian.