Gizartea -
HEZKUNTZA
Illa eta Celaa erkidegoetako ordezkariekin bildu dira, ikasturte hasiera aztertzeko
10:00etan hasi da ikasturte berriari begira protokoloak zehazteko bilera, eta, topaketa telematikoa amaitzean, adostutako neurri guztien berri emango dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Isabel Celaa eta Salvador Illa Hezkuntza eta Osasun ministroek, hurrenez hurren, hitzaldi bateratua dute gaur, osteguna, autonomia erkidegoetako kontseilariekin, ikasturte berriaren hasierari buruz hitz egiteko.
Hain zuzen, 10:00etan hasi da ikasturte berriari begira protokoloak zehazteko bilera, eta Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak ere parte hartu du bertan.
Testuinguru horretan, COVID-19aren ondorioz koarentenan egon beharreko seme-alabak dituzten gurasoei ordaindutako baimena edo baja ematea aztertzen ari direla aurreratu zuen atzo Celaak.
Horrez gain, 6 urtetik aurrera eskoletan maskara erabiltzearen alde agertu zen Hezkuntza ministroa, eta tenperatura hartzeko metodo konbinatu baten alde egin zuen. Aldi berean, eskolara itzultzearen inguruan "gehiegizko alarma" sortu dela azpimarratu zuen.
Halaber, gurasoei dokumentu bat sinatzeko eskatzea da ikasturte berriari begira ezar dezaketen beste neurrietako bat, koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituzten kasuetan seme-alabak ikastetxera ez eramateko konpromisoa har dezaten.
Gaurko topaketa telematikoan, zentroetan arduradun bat ezartzea ere proposatu dute, COVID-19arekin lotutako kasuren bat atzemanez gero osasun zentroarekin kontaktua zuzena dela berma dezan.
Alabaina, ikasgeletara itzultzea ziurgabetasuna eragiten ari da hezkuntza alorrean, agerraldi berrien aurrean ikasturtea ahalik eta segurtasun berme handienekin hasteko protokolo argi eta eguneratuak falta baitira.
Gainera, autonomia erkidegoek dute eskumena hezkuntza arloan, eta, beraz, haien esku dago azken erabakiak hartzea. Arrazoi horregatik, guztiek neurri berberak ezartzeko akordioa lortu nahi du Hezkuntza Ministerioak.
Ikasturte hasiera nolakoa izan behar den zehazteko bilera amaitu ondoren, ikastetxeetan ezarri beharko diren neurriei buruzko xehetasun guztiak eskainiko dituzte prentsaurrekoan, Moncloatik.
Hezkuntzak irakasle gehiago kontratatuko ditu "beharra dagoen ikastetxeetan"
Bestalde, Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, Sailak irakasle gehiago kontratatuko ditu "behar hori dagoen ikastetxeetan".
Sailburuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxeen beharren arabera; batzuetan, irakasleen kontzentrazioarekin zerikusia duten erabakiak izango dira, eta beste kasu batzuetan, berriz, ikastetxeko espazio fisikoarekin zerikusia dutenak, ikasgeletara segurtasunez itzultzea bermatzeko.
Jaurlaritzak baztertu egin du ikasturte hasieran irakasle guztiei PCR probak egitea
Ikasturtea hasi aurretik irakasleei PCR probak egingo dizkietela adierazi du Osasun Sailak, baina ez guztiei. Hala, transmisio arrisku gehien duten irakasleen artean gaitza atzemateko detekzio-probak "modu selektiboan" egitea aztertzen ari da Jaurlaritza.
Ildo horretatik, Nekane Murga Osasun sailburuak atzo SER irratian egindako elkarrizketan adierazi zuenez, adituekin lanean ari dira jada proba horiek zeini eta zein egoeratan egin behar zaizkien ikusteko, "benetan eraginkorrak izan daitezen".