Gizartea -
Koronabirusa
Illa: "Ondo bidean, txertoaren lehen dosiak urteko amaieran iritsiko dira"
Espainiako Osasun ministroaren esanetan, AstraZeneca farmazia-enpresaren txertoaren lehen dosiak 2020ko amaieran hel litezke Espainiara. Oxfordeko Unibertsitatean ari dira garatzen txertoa.
Agentziak | Erredakzioa
Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak asteazken honetan esan duenez, "ondo bidean", AstraZeneca farmazia-enpresa britainiarraren lehen dosiak urteko amaieran iritsiko dira Espainiara. Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak ari dira garatzen txerto hori.
"Baina gauzak ondo egin behar ditugu, epeei erreparatuta: Europako adituek, modu aktiboan parte hartzen diren aditu espainiarrak daude talde horretan, ikusi behar dute txertoaren egiaztapeneko azken faseek behar bezalako emaitza eman dutela", zehaztu du Osasun ministroak La Sextan, elkarrizketa batean.
Beraz, eta "ondo bidean", eta dosi bikoitzekoa den txerto horrek fase horiek gaindituz gero (egun, garapenaren 2 eta 3 faseen artean dago), "abenduaren amaieran, urte-amaieran, lehen dosiak eskuratzen egon gintezke".
Gainera, Espainia beste konpainia batzuekin ere ari da negoziatzen: "Akordio oso aurreratuak daude beste laurekin, eta beste bi edo hirurekin ere ari gara negoziatzen; uste dut ondorengo egunotan Europa mailan itxitako hainbat akordioren berri eman ahalko dugula", iragarri du.
AstraZeneca garatzen ari den txertoaren gaineko akordioa, hori bai, itxita dago jada. Illak gogora ekarri duenez, Europako Batzordeak izenpetutako memorandumen ondorioa da; memorandum horien asmoa da erdiratutako erosketa egitea, "horrek ahalbidetzen baitu erosketako masa kritikoa handiagoa izan dadila, eta konpainiekin negoziatzeko ahalmena ere handiagoa izatea". Horrez gain, herrialdeen arteko bidezko heltzea bermatu egiten du.