Gizartea -
Koronabirusa
Aurrez aurreko eskoletarako gune publikoen gaineko informazioa eskatu diete alkateei
EUDELek bilduko du informazio hori, eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko dio, hurrengo astea amaitu aurretik.
Agentziak | Erredakzioa
EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko presidente Gorka Urtaranek idazkia bidali die EAEko alkateei; idazkiaren helburua da alkateek informazioa ematea umeentzako eta nerabeentzako aurrez aurreko eskoletarako balizko gune publikoen gainean. Hain zuzen, baliteke gune publiko horiek erabili behar izatea, baldin eta ikasleak beste leku batean kokatu beharko balituzte, "osasun-baldintzak edo eskatutako baldintzak bete ahal izateko".
EUDEL Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ari da lanean, eskolarako bueltaren gainean, eta testuinguru horretan helarazi die Urtaranek idazkia alkateei. Informazioa Jaurlaritzari bidaliko zaio; izan ere, azkeen horrek du neurri guztiak koordinatzeko ardura.
Gutunean, Urtaranek azalduta du Hezkuntza Sailak, ikasturtea hasieran gertu dagoela kontuan izanik, Udalen laguntza eskatu duela, “ikasturtea ondo gauzatzeko”.
Atxikita, Excel fitxa bat bidali zaie alkateei; irailaren 4a iritsi aurretik bete behar dute hori. Fitxan, balizko lekuen zerrenda egin beharko dute: liburutegiak, ludotekak, kiroldegiak, edo kultura-zentroak.
Galdakaoko Udalak bere instalazioak eskaini dizkie udalerriko eskola-zentroei, eskolarako buelta "ahalik eta erosoena" izatea xede. Ohar batean, Udalak azaldu du hezkuntza-zentroekin hitz egiten ari dela; Udalaren eskaera da iraileko lehen asterako eskolek zehaztea zein ordutegi-behar izango dituzten ikasturtean. Hain zuzen, hurbilen dauden kirol-instalazioak eskaini dizkie Udalak eskola guztiei.