Gizartea -
BILBO
Bilbok 300 salaketa inguru jarri ditu abuztuaren 20tik maskara gaizki erabiltzeagatik
Horrez gain, beste 50 isun ezarri ditu kale-zurrutean ibiltzeagatik, eta beste 10 establezimenduei ezarri dizkiete ordutegiak eta COVID-19aren aurkako protokoloak ez errespetatzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udaltzaingoak, joan den abuztuaren 20tik, 300 salaketa inguru jarri ditu maskararen erabilera okerra egiteagatik, 50 isun kale-zurrutean aritzeagatik eta beste 10 ezarri dizkiete ordutegiak eta protokoloak errespetatu ez dituzten lokalei, Juan Mari Aburto alkateak jakitera eman duenez.
Radio Bilbao irratian egindako elkarrizketa batean Aburtok bilbotarrak zoriondu ditu joan den asteburuan erakutsitako “ardura goraipagarria” erakusteagatik, egoera arruntean Aste Nagusiko txupinazoa ospatuko baitzen data horietan.
Alkateak jakinarazi duenez, joan den ostegunean COVID-19aren ondorioz larrialdi egoera ezarri eta murrizketa berriak indarrean sartu zirenetik, 300 bat salaketa jarri dira maskara gaizki erabiltzeagatik, 50 isun kale-zurrutean ibiltzeagatik eta beste 10 ordutegiak ez errespetatzeagatik eta ezarritako protokoloak ez jarraitzeagatik.
Zifra horiek “geratzen den arduragabekeria apurraren irudi” direla azaldu du Aburtok, eta bilbotarren jarduna goraipatzearekin batera, “ardura” eskatu nahi izan du, “asko dugu jokoan, eta ezin dugu pentsatu hau guztia administrazioaren kontua dela, guztion ardura baita” azaldu du.
Aldi berean, azpimarratu du une honetan indarrean dauden neurriak “nahiz eta gogorrak diren ostalaritza bezalako sektoreentzat, beharrezkoak dira arduraz jokatu ahal izateko eta, ahalik eta denbora gutxienean egoera hau gainditu eta normaltasun handiagoko egoera batera itzultzeko” beharrezkoak direla.
Zentzu horretan, argitu du Udalak “ez duela dudarik egingo” beharrezkoak izan litezkeen erabakiak hartzeko “bai zigorrak ezartzeko ikuspegi batetik zein bestelako ikuspegi batzuetatik”.
Azkenik, alkateak Bilboko Konpartsak elkartearen jarrera kritikatu du. Bere ustez, “talde horrek hanka sartu du Aste Nagusia bertan behera utzi den momentuan festa programa alternatibo bat aurkeztean”.