Gizartea -

KORONABIRUSA

Gernikako bizilagun guztiek PCR proba egiteko eskatu du Gorroñok

Gernikako herritar guztiei eskatu die PCR proba egitera joateko, "transmisio komunitarioa" dagoela iritzita.

Gernikako ospitalea Irudia: EiTB
Gernikako ospitalea
Milaka lagun daude deituta Gernikan PCR probak egitera

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak Gernikako (Bizkaia) herritar guztiei eskatu die PCR proba egitera joateko, udalerrian atzemandako agerraldiaren aurrean, "transmisio komunitarioa" dagoela iritzita; izan ere, azken hiru egunetan atzemandako 51 positiboetatik 11k ez zuten loturarik haien artean.

Gorroñok prentsaurreko batean egin ditu adierazpen horiek, Osakidetza abuztuaren 14tik 17ra gaueko aisialdi gunean egon ziren pertsonei probak egiten hasi den egun berean.

Gorroñok herriko herritar guztiak animatu ditu proba egitera, datuek agerian uzten baitute "transmisio komunitarioa" dagoela.

Hain zuzen ere, azken hiru egunetako 51 positiboetatik 11k ez zutela euren artean loturarik zehaztu du, eta uztailean kasu bat izatetik PCRak baieztatutako 87 izatera pasatu dela gaineratu du. "Birusa sakabanatuta badago, suposatzen da, edozein kaletan egon daiteke", gaineratu du alkateak.

Eusko Jaurlaritzak ez du konfinamendurik aurreikusten Gernikan

Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi du ez dela aurreikusten, une honetan, Gernikan konfinamendu bat ezartzea, eta abian jarritako baheketaren bidez gazteen artean eta "eremu komun batean" atzemandako transmisioa "geldiarazi" ahal izatea espero du.

Azaldu duenez, asteazkenetik aurrera kasu kopuruak gora egin zuen herri horretan, batez bestekoaren azpitik pilatutako kutsatze batzuekin.

Murgaren arabera, gazteak positibo ematen hasi ziren, sintoma arinekin. Atzemandako positiboak profil jakin bati dagozkio: guztiak adin-tarte berekoak eta aurreko asteburuan jairik ez ospatzearen harira "irekitzeko ordutegi luzea" zuen eremu batean egondakoak dira.

Zenbait gazte kutsatuta zeudela egiaztatu ondoren eta data berean "transmisio komunitarioa egon zitekeela" kontuan izan arren, oraindik ez da lokal, txoko edo kale zehatzik identifikatu. Kutsatuak egun zehatz batzuetan eta "eremu komun" batean kokatzen direla dakite soilik.

Horregatik, asteburu horretako jardueran "benetan transmisiorik egon den" ikusteko, baheketa bat jarri dute martxan. Murgak adierazi duenez, une honetan ez dago "aukeren artean" Gernikan konfinamendua ezartzea, eta martxan dagoen baheketa horren bidez balizko kutsatuak aurkitu nahi dituztela azaldu du, "transmisio hori geldiarazteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gernika-Lumo Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa