Gizartea -
ALPEAK
Euskal Herrian dira Suitzako arroila batean hildako hiru lagunen gorpuak
Desagertuta jarraitzen du Diego Maeztuk, eta azken egunotan eguraldiak hobera egin badu ere, oraindik errekak ur asko dakar eta leku batzuk ez dira seguruak bilaketarekin jarraitzeko.
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
Euskal Herrian dira jada abuztuaren 13an Suitzako Alpeetan hil ziren hiru mendizaleen gorpuak. Ostiral arratsaldean iritsi ziren Mikel Lasa, Mikel Zabaltza eta Tontxu Gonzalezen gorpuak Madrilgo aireportura, eta Euskal herrian dira dagoeneko. Oraindik ez dute Diego Maezturen arrastorik aurkitu.
Parlitobeleko arroilan, Suitzan, istripua izan eta bederatzi egunera, larunbat honetan emango diete azken agurra hiru mendizaleei. Gueñesen gaur arratsaldean egingo diote hileta-ekitaldia Gonzalezi, eta Allon egingo zaio beila Lasari. Zabaltzaren kasuan, Ansoainen agurtuko dute larunbatean, hangoa baita familia, eta Huarte Arakilen igandean.
Allokoa zen desagertuta jarraitzen duen Diego Maeztu ere, eta Udalak iragarritako zazpi dolu egunak gaur amaitzen badira ere, azken mendizalearen gorpua agertu arte mantenduko da. Suitzan eguraldia ez dute alde izan erreskate taldeek azken egunotan; atzo egoerak hobera egin eta bertako Polizia berriz bilaketa lanetan hasi bazen ere, ez zuten emaitzarik lortu. Oraindik errekak ur asko dakar, eta diotenez, leku batzuk ez dira seguruak, horrenbestez, egoera aproposagoen zain daude miaketa zehatzagoak egiteko.