Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun Sailak haurrak espazio publikoetan elkarren artean ez erlazionatzeko eskatu du
Koronabirusaren "bigarren olatua" heldu dela berretsi du Osasun Sailak, eta gizarte harremanak murriztera deitu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nekane Murga Osasun sailburuak baieztatu du Euskadi koronabirusaren pandemiaren "bigarren olatuan" dagoela, goranzko joera nabarmenarekin, eta "haurrak espazio publikoetan euren artean harremanik izan ez dezaten" eskatu du, hala nola igerilekuetan, parkeetan, hondartzetan eta plazetan. Horrekin batera, bizikidetzarako "burbuila txikiak" sortzeko deia egin du, osasuna zaintzeko eta covid-19aren hedapena saihesteko.
Covid-19aren bilakaeraren berri emateko hedabideen aurrean egindako agerraldian, Murgak berretsi du bigarren olatu epidemikoa, "lehenengoarekin alderatu ezin den arren", eta ziurtatu du beharrezkoa dela datozen asteetan kutsatzeen hazkundearen "joera hori aldatzea".
Iraila "hilabete zaila" izango dela esan ostean, "guztion erantzukizuna" eskatu du ezarritako neurriak betetzeko. Horrez gain, gizarte harremanak murriztera deitu du, eta "txikienek euren artean espazio publikoetan harremanik ez izatera, hala nola, igerilekuetan, parkeetan, hondartzetan eta plazetan".
"Talde txikiak bilatu behar ditugu, eta kontaktuak kontrolatu. Gakoa da harreman-talde txikiak sortzea, burbuila txikiak, elkarrekin bizitzeko eta gozatzeko, baina birusari talde eta pertsona berrietara heltzeko aukerarik ez diogu eman behar. Txertoa zeu zara! Birusarekin bizitzeko dugun modua, une honetan saihestezina dena, gu guztion esku dago, zure eta nire esku ", ziurtatu du.
Murgak "mezu argia eta zuzena" helarazi nahi izan du: aste honetan onartutako murrizketa berriei “Euskadiko herritar bakoitzak lehen pertsonan konpromisoa hartzea” gehitu behar zaie, bai “bere osasuna babesteko” eta baita “inguruan dituen pertsonei transmisioa saihesteko” ere.
Ikasturtea hastean ikastetxeen jarduteko protokoloari buruz galdetuta, sailburuak azaldu du oraindik jarraibideen diseinuan lanean ari direla, ikasleen adinera egokituko direlako. Sailburuaren arabera "ikasgelen barruko harremanak partekatzearen" alde egingo da, positiboren bat izanez gero guztiak etxera bidali behar izatea saihesteko.
Murgak berretsi du, halaber, hezkuntzako langileei egingo zaizkien PCR probak ez direla orokortuak izango, baizik eta transmisio arrisku handiena duten pertsonei egingo zaizkiela. Horren harira, azaldu du ez dela gauza bera ikasle nagusiak dituen gela batean irakasle izatea, edota jantokian adin txikiko haurrekin harremanetan egotea.
Atzo sei autonomia erkidegok proba fasean jarri zuten koronabirusa kutsatzeko RadarCOVID alerta-aplikazio mugikorrari dagokionez, Murgak covid-19a geldiarazten lagun dezakeen edozein tresna baikor hartu du, baina gogorarazi du eraginkorra izatekotan, erabiltzaileen portzentajeak altua izan behar duela.
Azkenik, euskal herritarrak lasaitu egin nahi izan ditu, aplikazioa ez delako gaixoak "identifikatu eta zigortzeko" erabiliko, positibo bat dagoenean kontaktuen identifikazioa bizkortzeko baizik; horregatik, aplikazioa deskargatzera animatu ditu.