Gizartea -
Zaldibar
Zaldibarko zabortegian aurkitutako gorpuzkiak Alberto Sololuzerenak dira
Radio Euskadik jakin duenez, joan den igandeaz geroztik Zaldibarko zabortegian aurkitutako hezurrak otsailean desagertutako langilearenak direla baieztatu dute DNA probek.
EITB.EUS
Igandeaz geroztik Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) aurkitutako gorpuzkiak Alberto Sololuzerenak direla baieztatu dute DNA probek, Joaquin Beltranekin batera, otsailean luizia gertatu zenetik desagertuta zegoen bi langileetako bat. Hala, erreskate taldeek beste langilearen bila jarraitzen dute.
Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, aurkitutako hezurretan zati bigunak zeuden, eta horrek DNA proben emaitzak lortzeko prozesua azkartu du. Forentseek bart gauean amaitu dute identifikazioa, 12:30 aldera, eta Sololuzeren familiari jakinarazi diote albistea.
Joan den igandean, oihalez bildutako hezur bat aurkitu zuten 23 metroko sakoneran, eta, ondoren, pertsona batena zela baieztatu zuten. Une horretatik aurrera, beste hezur batzuk agertu dira, baita objektu pertsonal batzuk ere, hala nola, argazki kamera bat, erloju uhal bat, eguzkitako betaurreko batzuk eta giltzarrapo bat.
Gorpuzkiak eta objektuak aurkitu zituzten lekua, B1 gunean, baskularen ondoan, Alberto Sololuze luiziaren unean zegoela uste zen eremua zen.
Albistearen berri izan ostean, "gaurtik aurrera dolua behar bezala egiten has gaitezke", adierazi du Sololuzeren ilobak Twitter sare sozialaren bidez, eta eskerrak eman ditu jasotako babesagatik.