Gizartea -

KORONABIRUSA

Batzorde tekniko batek koordinatuko ditu Hezkuntzako COVID neurriak Nafarroan

Ikastetxera ahalik eta modu seguruenean itzultzea eta ikasturtearen garapena zaintzea eta kontrolatzea bermatzeko ekintzak koordinatuko ditu.

Ikasgela bat hutsik. Irudia: EFE
Ikasgela bat hutsik
Ikasgela bat hutsik. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak Hezkuntzarako COVID-19 koordinaziorako batzorde tekniko bat eratuko du, eta hark ikuskatu eta koordinatuko ditu ikastetxera ahalik eta seguruen itzultzea bermatzeko ekintzak, baita ikasturtearen garapenaren zaintza eta kontrola ere, ikastetxeetan kasu positiboak ager daitezkeenean.

Osasun Saileko, Hezkuntzako eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko arduradunek osatuko dute batzordea, eta Nafarroako Eskola Kontseiluko batzorde iraunkorreko kideak ere bertan sartuko dira, hezkuntza komunitatearen ordezkari gisa.

Javier Remirez presidenteorde eta bozeramaileak prentsaurrekoan iragarri duenez, pandemiak irakaskuntzan duen eraginari buruzko informazioa kudeatzeaz ere arduratuko da batzordea.

Hezkuntza Sailaren aldetik, batzorde horretako kide izango dira Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendaria, Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria eta Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

Osasun Departamentuaren aldetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko arduradunak batzordeko kide izango dira, eta, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ordezkari gisa, Unibertsitate Zerbitzuko zuzendaria.

Nafarroako hezkuntza komunitateak, Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorrean ordezkatuta, organo horretako presidentea, Manuel Martin, izango du buru.

Erakunde Iraunkorreko kide dira ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkariak, Nafarroako gurasoen elkarteen federazioak, Foru Komunitateko ikastetxe pribatuen entitate titularrak eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen ordezkariak.

Hezkuntza eta Osasun Sailen baterako lanean, ikastetxeetan gerta daitezkeen kutsadura kasuen aurrean prebentzio neurriak bizkortzeko, sistema arin eta seguru bat eratu da, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko profesionalek Hezkuntza Sailaren Educa atarira sartzeko aukera izan dezaten. Horri esker, arakatzaileek berehala ekingo diete prebentzio protokoloei.

Sistema prest egongo da ikasturte hasieran, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren gomendio guztiak betetzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa