Gizartea -

Indarkeria matxista

Barakaldoko Udalak emakume batek salatutako eraso sexista gaitzetsi du

Herriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du biharko, 18: 00etan, Herriko Plazan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Udalak gaitzespen "erabatekoa eta irmoa" agertu du gaur, atzo auzokide batek eraso sexista baten aurrean jarritako salaketa dela eta. Emakumeen arloak, Rakel Olalla zinegotziak zuzenduta, kasu horien aurrean jarraitzen duen protokoloa aktibatu du, eta udalerriko erasoen aurkako mahaia bildu du, kolektibo feminista barakaldarrek osatua.

Bileraren ostean, Udalean ordezkaritza duten taldeetako bozeramaileek emakumeenganako indarkeria gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu eta onartu dute.

Barakaldoko Udalak babesa agertu dio atzo goizaldean jasandako erasoa salatu duen emakumeari, eta Emakumearen Arloaren bitartez, une honetan behar dituen udal baliabideak eskaini dizkiote.

"Barakaldon argi daukagu ez dugula bat bera ere onartuko. Erasotzaileak beti aurrean izango gaituzte, gaitz hau salatuz eta ikusaraziz. Ez dugu emakumeen aurkako erasorik onartuko", adierazi du Amaia del Campo alkateak.

Horregatik, Udaletik "errealitate hau aldatzeko eta desberdintasunak berdintasunean, errespetuan eta tolerantzian oinarritutako hezkuntzaren bidez konpontzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa dugu", gaineratu du.

Bestalde, herriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du bihar, abuztuaren 18an, Herriko Plazan, 18:00etan. "Barakaldarrak animatzen ditut elkarretaratze honetara joatera, Barakaldok emakumeen aurkako erasoak onartzen ez dituela erakusteko", adierazi du alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak