Gizartea -
ZALDIBAR
Hezur gehiago aurkitu dituzte Zaldibarko zabortegian
Astelehen goizean aurkitutako hezurrak antropologikoki aztertzen ari dira polizia zientifikoa eta auzitegiko medikuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erreskate taldeek hezur berriak aurkitu dituzte astelehen goizean, otsailaren 6an Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren luizian desagertutako bi langileetako batenak izan daitezkeen giza tibia bat eta ehun-hondakinak aurkitu zituzten leku berean.
Gaur goizean aurkitutako hezurrak antropologikoki aztertzen ari dira polizia zientifikoa eta auzitegiko medikuak, Ertzaintzako polizia zientifikoak EiTBri jakinarazi dionez. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, hipotesia da topatutako hezur guztiak desagertuetako batenak izatea; nolanahi ere, ez dute ezer baztertu.
Polizia zientifikoa eta auzitegiko medikuak hezurrak ari dira aztertzen, bi desagertuen DNArekin alderatuz, ebazteko desagertuetako batenak ote diren. Lana, ziur aski, egun batzuetan luzatuko da. Hain zuzen ere, hezurrak identifikatzeko, bost egun beharko dituzte, Juan Vicente Bilbao Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateko nagusiak ETBri esan dionez.
Bilbaok azaldu du teknika "berri samar" bat baliatuko dutela topatutako hezurretatik DNA ateratzeko; Ertzaintzak berriki erabili du teknika hori, arrakasta izanda. Adierazi duenez, Zaldibarren aurkitutako hezurrek ez dute ehun bigunik; beraz, profil genetikoa lortzeko, DNA izan lezaketen hezurretako zati batzuk txikitu beharko dituzte, eta, gerora, Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen senideek emandako laginen profil genetikoarekin alderatuko dute.
Zehaztu du DNA lortzea, soilik hezurrak daudenean, prozesu luzeagoa dela, ehun biguna dagoenean baino. Gainera, erabiliko duten prozedura "berria da, eta zorrotzagoa ere"; hortaz, neurri gehiago hartu beharko dituzte, eta denbora luzeagoa beharko dute.
Testuinguru honetan, Paco Etxeberria auzitegiko medikuak adierazi du zabortegian egindako miaketa-lanak "zorroztasunez" gauzatu dituztela; haren iritziz, identifikatu egingo dute aurkitutako hezurrak norenak diren: "DNA, toki horretan, ez da sei hilabetetan degradatzen".
Astelehen goizean ekin diote berriro bilaketari, metodo "kirurgikoekin", eta hondeamakinek ateratako palada bakoitza zehatz-mehatz aztertu dute langileek.
Urkullu lehendakaria Sololuzeren senideekin bildu da
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakaria Alberto Sololuzeren senideekin bildu da goizean, Bilbon, eta bilaketa lanen nondik norakoen berri eman die.
Sololuzeren alarguna eta alaba izan dira bileran, baina ez dute bertan egon nahi izan Joaquin Beltran desagertutako beste gizonaren senideek.
Iturri berberen arabera, bi familiei atzo arratsaldean jakinarazi zieten zabortegian aurkitu zituztela lehen hezur arrastoak.
Durangoko 1. Instrukzio Epaitegiak, uztailaren 23an, behin-behineko askatasuna ebatzi zuen, kautelazko neurriekin, Verter Recycling enpresako hiru arduradunentzat, alegia, zabortegiaren jabea den enpresako arduradunentzat. Ikertuta daude, eta hilean behin epailearen aurrean azaldu behar dira.
Verter Recycling enpresak "lasaitua" hartu du
Hauek dira arduradunak: Jose Ignacio Barinaga zabortegiaren eta hori kudeatzen duen enpresaren jabea, Arrate Bilbao administratzaile bakar eta arduradun legala (Barinagaren iloba da), eta Juan Etxebarria zabortegiaren ingeniari teknikoa. Bi egun lehenago, Ertzaintzak atxilotu zituen.
Verter Recyclingek, hain zuzen, oharra zabaldu du; enpresak "lasaitua" hartu du, eta "itxaropentsu" azaldu da zabortegian egindako topaketengatik, "Alberto eta Joaquinen gorpuak berreskuratu ahal izateko". Ziurtatu duenez,hasiera batetik, lehentasuna izan da gorpuak bilatzea.