Gizartea -

Luizia

Giza-hezur bat aurkitu dute Zaldibarko zabortegian

Polizia zientifikoak baieztatu duenez, pertsona batena da telaz inguratuta 23 metroko sakoneran aurkitu duten tibia. DNA proben emaitzak datozen egunetan jakinaraziko dituzte.

Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Irekia
Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian
Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Irekia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze erreskatatzeko lanetan ari ziren ertzainek giza-hezur bat aurkitu dute Zaldibarko zabortegian, Josu Zubillaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak igande arratsalde honetan prentsaurrekoan baieztatu duenez.

Zabortegia erori eta sei hilabetera, Ertzaintzak hezur bat aurkitu du baskularen beheko aldean, ondoan tela dagoela, egituraren parte zen 15 metro luzeko metalezko xafla baten azpian. Desagertutakoen arrasto bat aurkitzeko probabilitate handiagoa egotea zen eremuan izan da aurkikuntza.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, aurkikuntza igande arratsaldeko 17:00ak aldera egin dute, eta segidan ingurua hesitu eta bilaketa lanak geldiarazi dituzte.

Josu Zubiaga Segurtasun sailburuak eta Aitor Zulueta Ondare Naturala eta Klima-aldaketarako zuzendariak premiazko agerraldia egin dute igande arratsaldean, aurkikuntzaren berri emateko. Zubiagak azaldu duenez, 23 metroko indusketa egin dute, "zortzi solairuko eraikina bateko sakonera", eta aurkitutako hezurra gizaki batena dela baieztatu du.

"Hemendik aurrera, zonaldea mugatuko dugu, era kirurgikoago batean arituko gara, kontu handiagorekin", azaldu du, "arrastoak babestu behar ditugu, hortaz, orain arte erabilitako makineriarekin ezin dugu jarraitu, arkeologia lana egokitzen zaigu orain". Oihalei dagokienez, ohartarazi du "erabat ezagutezinak direla", sei hilabete lur azpian eta 70 graduko tenperaturekin lixibiatuta egon ostean.

Bihartik aurrera, aurkitutako hezurrari "analisi zientifikoa egingo zaio", baina Sailburuak ohartarazi duenez, DNA probak "hainbat egunez" luzatuko dira.

Amaitzeko, "pazientzia apur bat" eskatu die Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen familiei, sei hilabeteko lana "fruituak ematen hasi delako".

Bestalde, Aitor Zuluetak adierazi du igande honetako aurkikuntza otsailean egindako antolakuntzaren emaitza dela. Izan ere, sei hilabete inguruan gaur heldu diren lekura iristea espero zuten. "Itxaropen eguna zen gaurkoa, geneukan informazioaren arabera, bertan gorpuzkiak aurkitzeko aukera handiagoa baitzegoen", gaineratu du.

Amiantoa zuen zabortegia

Otsailaren 6an, arratsaldeko 16:00ak aldera, izan zen luizia. Zabortegiko baskularen inguruan zeuden bi langileak lurperatuta geratu ziren, eta Bilbo zein Donostia lotzen dituen autobideko galtzada hartu zuen. Ondorioz, zenbait egunez trafikoa eten egin zen.

Zabortegiko luiziaren larritasunaz gain -Europan ezaugarri horiek dituen kasu bakarra-, amiantoa zuten hondakinak zabortegian biltegiratu zirela aditzera eman zuten. Material toxiko hori gordetzeko baimenik ez zeukan zabortegiak, ez eta hondakindegiaren inguruan eragindako kutsadurari aurre egiteko baliabiderik ere.

Durangoko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak behin-behineko askatasuna ezarri zuen uztailaren 23an, kautelazko neurriekin, zabortegiaren arduradun diren enpresako hiru arduradunentzat. Ikertu egoeran daude oraindik, eta hilean behin agertu behar dute epailearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Zaldibar Luiziak Durangaldea albisteak