Gizartea -
Alpeak
Suitzan desagertutako euskal mendizalearen bila dabiltza berriro
Euriteak bilaketa-lana zailtzen ari dira. Hiru mendizale hildakoen gorpuek Zurichen jarraitzen dute, aberriratzearen zain.
EITB.EUS
Suitzan desagertutako euskal mendizalearen bilaketa lanari ekin diote berriro, ostiral honetan euriagatik bertan behera utzi ostean. Berarekin zihoazen beste hiru euskal mendizale hildakoaren gorpuek Zurichen jarraitzen dute, aberriratzeko izapideen zain.
Alloko, Uharte-Arakilgo eta Güeñeseko mendizaleak ezustean harrapatu zituen ekaitz gogor batek joan den asteazkenean Parlitobeleko arroilan, St. Gallen kantoian (Suitza), Polizia kantonalak jakitera eman zuenez. Ostegunean hiru gorpu berreskuratu zituzten.
Joan den asteazkenean, 16:00ak aldera, mendizaleekin zihoazen bi emakumeak gizonezkoengandik banatu ziren, eta haiekin geratu ziren arroilaren atzealdeko leku zehatz batean.
18:30ak aldera, ekaitz handi bat izan zen inguruan: metro koadroko 25 eta 30 litro arteko prezipitazioak izan ziren eta hiruko eskalan biko arriskua ezarri zen. Emakumeek, lau gizonak adostutako lekuan agertzen ez zirela ikusita, Poliziari deitu zioten ordu erdi inguru geroago.
Euriteak bilaketa-lana zailtzen ari dira. Izan ere, euriagatik hain justu bertan behera utzi behar zituzten ostiral honetan bilaketa lanak.