Gizartea -
Aste Nahasia
Bilboko Konpartsak festa herrikoiak defendatzeko eskatu du
Udaletxeak "inposizioz eta hipokrisiaz" jardun duela salatu du.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Bilboko Konpartsak jai herrikoiak defendatzeko deia egin du, Udala kritikatu du inposiziozko eta hipokrisiazko jarrera izateagatik eta "Jai Batzorde Mistoari funtzio guztiak, erabakitze-gunea eta aurrekontua lapurtu" dizkiotela salatu du. Gainera, konpartsek adierazi dute udaletxetik kolektibo ezberdinei ekintzarik ez antolatzeko eskatu dietela, COVID-19a dela eta, baina "atzo bertan" Udalak kale antzerki bat antolatu zuen.
Udalak Aste Nagusia aldebakarrez bertan behera utzi izanari erantzuna emateko, Aste Nahasia proposatu zuen Bilboko Konpartsak: 51 ekintzako egitarau bat. Alabaina, lehengo astelehenean, egitaraua bertan behera geratzen dela erabaki zuten, eta ostiralean prentsaurrekoa eman dute azalpenak emateko.
Haizea Arriola eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsak taldeko ordezkariek azaldu dute Aste Nahasia bertan behera uzteko erabakia COVID-19 kasuen gorakada ikusita hartu zutela. Hala eta guztiz ere, ekimenetan segurtasun-neurri guztiak beteko zirela ziurtatu dute, parte-hartzaile guztien osasuna bermatzeko.
"Jende-pilaketarik txikiena ere ez sustatzea erabaki genuen", adierazi dute ordezkariek.
Amaieran, hau esan dute: "Jai herrikoiak eta herri-kultura defendatzeko, antolakuntza eta ekimenak inoiz baino beharrezkoak izango dira, txarto deitutako 'normaltasun berrian' hainbat instituzioren jarrera inposizioa eta debekua jorratzea izan dela ikusi baitugu".