Gizartea -
Koronabirusa
Arau berriak zaharren egoitzetan: PCRa egoiliar berriei eta murrizketak bisitetan
Derrigorrezkoa izango da zentroetan sartzeko gehienez 72 orduko tartearekin proba egitea, eta baimenetik edo oporralditik itzultzen diren langileei ere PCRa egingo diete.
agentziak | erredakzioa
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri duenez, derrigorrezkoa izango da zaharren egoitzetan sartzen diren egoiliar berri guztiei PCR proba egitea, baita oporretatik itzultzen diren langileei ere, eta egoiliar bakoitzak bisita bakarra izan ahalko du egunean, eta gehienez ordubeteko iraupena izango du.
Horiek dira Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek aho batez adostutako neurrietako batzuk, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluak ostiral honetan egindako ezohiko bileran.
PCRa egitea derrigorrezkoa izango da egoitzetan sartu baino lehen, aurreko 72 orduetan, eta baimenetik edo oporralditik itzultzean.
Egoiliar bakoitzak bisita bakarra izan ahalko du egunean, betiere prebentzio-neurriak zorrotz betez gero eta gehienez ere ordubetez. Halere, neurriak salbuets litezke, bizitzaren amaierako prozesuan dauden pazienteen kasuan.
Gainera, zentro soziosanitarioetan bizi direnen irteerak ahalik eta gehien mugatuko dira.
Espainiako Gobernuak eta erkidegoek adostutako hiru gomendioen artean, zentro soziosanitarioetan PCR probak aldizka egitea dago, positibo izan den langilerik egon ez dela ziurtatzeko.