Gizartea -
Koronabirusa
Ramuntxo Berri tabernako fokua dela medio 2.000 bat pertsonari PCR proba egingo diete
Guztira, 800 pertsonak proba egiteko hitzordua dute ostiral honetan, Okendo kultur etxean, Gros osasun zentroaren aurrean.
Agentzia | Erredakzioa
Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan ikertzen ari diren balizko agerraldiari aurre egiteko, hiru egunetan 2.000 bat bezerori PCR proba egiteko asmoa dute Donostian. Uztailaren 26tik abuztuaren 3ra tabernan izan zirenei egingo diete proba.
Guztira, 800 pertsonak proba egiteko hitzordua dute ostiral honetan, Okendo kultur etxean, Gros osasun zentroaren aurrean. Horregatik, 09:00etatik aurrera etengabe hurbildu dira pertsona ugari.
Carlos Barruso OSI Donostialdeako Integrazio zuzendariak kazetariei azaldu dienez, dispositiboak Grosen emango dituen hiru egunetan “2.000 bat lagin” hartzea espero dute. Dagoeneko mota guztietako pertsonak pasa dira bertatik, “ume txikiak zein adinekoak”.
Barrusok argitu duenez, nahiz eta atzo arazo telefonikoak izan diren, 800 bat pertsonak hitzordua dute ostiral honetan. Probaren emaitza jaso arte etxean egon beharko dute, arduradunak gogorarazi duenez.
“24 ordutan emaitza SMS bidez jakinaraziko diete”, zehaztu du Barrusok. Positiboren bat baieztatzen baldin badute, erizain taldea pertsonarekin harremanetan jarriko da, neurriak hartzeko eta “izandako harremanen azterketa” egiteko.
Ramuntxo Berri tabernako langile talde batek positibo eman ondoren, Osasun Sailak eta Osakidetzak neurriak hartu ditu. Dispositiboak tabernako bezeroak soilik ditu helburu, “inguruko gainerako tabernetan oraingoz kasurik baieztatu ez dutelako”, Barrusok nabarmendu duenez.
Bitartean, Ramuntxo Berri tabernak itxita jarraitzen du. Erreserba egin zuten pertsonen zerrenda bat du tabernak. PCR proba egiteko hitzordua eskatzen ez baldin badute, pertsona horiek bilatzen saiatuko dira.
Kultur etxeko ekitaldi-aretoan lau mahai jarri dituzte probak aldi berean egiteko. Hitzordua zuten pertsonei soilik egin diete proba. Horien artean, familia oso bat hurbildu da. Urtebetetze bat ospatzen egon ziren tabernan, hori bai, “terrazan”.
Era berean, 34 urteko Arkaitz Bastida Grosen bizi da, eta Ramuntxo Berri tabernako terrazan egon zen. Segurtasun neurriak “errespetatzen” zirela ziurtatu du Bastidak. Horregatik, proban negatibo ematea espero du, datorren igandean bidaiatu ahal izateko.
Okendo kultur etxera gaur hurbildu direnen artean, Groseko bizilagun ugari, gehienak “normaltasun berriaren aurrean etsita”.
Bestalde, Urdulizko Ospitalean (Bizkaia), orain arte 801 PCR proba burutu dira Erandiogoikoako batzokiko bezeroen artean egiten ari diren baheketa lanak direla eta. Horietatik, 5 positibo izan dira. Gaur, 253 pertsonari egingo zaie proba.