Gizartea -

Eguraldia

Asteburu osora luzatu dute abisu horia tenperatura altuengatik

Goizean haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da, Bizkaiko kostaldetik hasita, eta barnealdera zabalduko da. Hala, tenperatura maximoak pixkanaka jaitsiko dira.

Arena hondartza (Bizkaia). Argazkia: Jabi Sarriugarte
Arena hondartza (Bizkaia).
Arena hondartza (Bizkaia). Argazkia: Jabi Sarriugarte

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du asteburu osorako, espero diren tenperatura altuen ondorioz.

Ostiral honetarako, lau abisu hori ezarriko ditu Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak, lehena barnealdean espero diren muturreko tenperatura altuengatik (12:00etatik 19:00etara). Bigarren abisuda, dagoeneko indarrean dagoena, tenperatura altu iraunkorrengatik da (00:00etatik 24:00etara). Hirugarrena barnealdean baso-suteak izateko arriskuagatik da (00:00etatik 21:00etara); tenperatura altuak, hegoaldeko haizea eta hezetasun erlatibo baxua direla eta, eta laugarrena, berriz, ekaitzak direla eta sor daitezkeen haize-bolada oso gogorrengatik (15:00etatik 21:00etara).

Euskalmetek jakinarazi duenez, gaur bero izugarria egingo du barnealdean eta maximoak atzokoen antzekoak izango dira, baita altuagoak ere hego-ekialdean, batez ere Ebro bailaran.

Dena dela, goizak aurrera egin ahala, haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da, Bizkaiko kostaldetik hasita, eta arratsaldean barnealdera zabalduko da. Hala, tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, udako itxura galdu gabe. Kostaldean, ipar-mendebaldeko haizearekin, tenperaturak behera egingo du eguerditik aurrera.

Gainera, eguerdi partean bero-hodeiak ugarituko dira eta arratsalde-gau partean zerua apur bat hodeitsu egongo da; gainera, baliteke ekaitzak jotzea, haize-bolada gogorrekin batera.

Nafarroan alerta laranja ezarri dute gaurko. Zaparradak espero dira arratsaldean, ekaitzarekin batera. Hegoaldeko eta hego-ekialdeko haize ahula ibiliko da, eta arratsaldean iparraldera egingo du.

Tenperatura maximoak 36 ºC ingurukoak izango dira Kantauri isurialdean eta trantsizio eremuan, eta 37 ºC ingurukoak Ebroko ardatzean. Kostaldean, berriz, tenperatura maximoak 30 ºC-ren bueltan kokatuko dira. Termometroak 31ºC-ra iritsiko dira Bilbon eta Donostian, 37 ºC-ra Gasteizen eta 40 ºC-ra Iruñean.

Larunbaterako eta iganderako, beste bi abisu hori ezarri dituzte, bata muturreko tenperatura altuengatik (12:00etatik 19:00etara) eta bigarrena tenperatura altu iraunkorrengatik (00:00etatik 24:00etara). Tenperatura maximoak 35 ºC ingurukoak izango dira trantsizio eremuan eta 36 ºC ingurukoak Ebroko ardatzean. Kostaldean, berriz, tenperatura maximoak 27 ºC ingurukoak izango dira eta 33 ºC ingurukoak barnealdeko kantaurialdean.

Eguna nahasiagoa izango da larunbatean, eta tarteka hodeiak agertuko dira. Gauzak horrela, arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Hala, goizean giro eguzkitsua nagusituko da eta arratsalde-gau partean bero-hodeiak.

Igandean hodei gehiago agertuko dira, bero-hodeiak gehienbat, eta Kantauri isurialdean behe-hodei batzuk ere ikusiko ditugu. Dena dela, zenbait unetan eguzkia gailenduko da eta ekaitzak izateko probabilitatea aurreko egunetan baino txikiagoa izango da.

Horrez gain, euria egin lezake kostaldean, batez ere azken orduetan. Termometroetan ez da aldaketa handirik espero; hegoaldean beroa nagusituko da, eta, Kantauri isurialdean, berriz, tenperaturak leunagoak izango dira, baina sargori sentsazioa izango dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Uda Bero-boladak