Gizartea -
Polemika
Juan Carlos Erregea Unibertsitateak ez du zentroaren izena aldatzeko asmorik
Ikasleen batzar batek hasitako sinadura bilketak babes handia lortu du azken orduetan, errege emerituak Espainiatik alde egitea erabaki duela jakin ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Carlos Erregea Unibertsitateak (URJC, gaztelaniazko sigletan) ez du zentroaren izena aldatzeko asmorik, une honetan "ikasturte berriaren hasiera ahalik eta ondoen antolatzeko arduratuta" baitago, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz. Oraingoz, beraz, zentro horren izenaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzea baztertu du zuzendaritzak.
Hala adierazi dute URJCko iturriek asteazken honetan, Espainiako errege emerituaren izena unibertsitate horretatik kentzeko asmoz zentroko hainbat ikaslek bultzatutako proposamen batek change.org plataformaren bidez 41.000 sinadura baino gehiago bildu ostean, "Errege Familiaren etengabeko eskandaluak direla eta".
"Oraingoz, inork ez du gai horri buruzko proposamen formalik egin modu ofizialean ezta bide administratiboen bidez ere", esan dute iturriek, eta gaineratu dutenez, "unibertsitatea, abuztuaren 4tik 25era bitartean itxita egongo da. Bueltan, ikasturtea pandemiaren egoeraren arabera hasteko ahaleginak egingo dira".
Hala, unibertsitatearen izena aldatzeko "proposamen ofiziala" egon arte, URJCk ez du aurreikusten erakundearen izenari buruzko eztabaida mahai gainean jartzea, zentroak "ikasturte korapilatsu" baten hasierari aurre egin behar dionean, "osasun arloko egoeragatik eta errektoretzarako hauteskundeen hurbiltasunagatik, martxoan egingo baitira".
Apirilean, Vicalvaroko campuseko ikasleen batzar batek hasi zuen sinadura bilketa, eta, azken orduetan, nabarmen ugaritu dira eskaera horrekin bat egiten duten sinadurak, errege emerituak Espainiatik alde egitea erabaki duela jakin ostean, bere "bizitza pribatuko iraganeko gertakari batzuen oihartzun publikoa dela eta".
"Espainiako Errege Familiarekin lotutako ustelkeria kasuek ez dute amaierarik, apal gisa planteatu zitzaigun monarkiaren irudia bihurrituz. Erakunde horrek, eta batik bat, errrege emerituak, herritarren babesa galdu dute azken urteetan egindako eskandalu guztiengatik", diote plataforma horretan zabaldutako mezuan.
Eskaera horretan, unibertsitateak izena aldatzea "premiazkoa" dela azpimarratu dute ikasleek, ezin baitute onartu "denon artean eraikitzen dugun ikasketa eta ezagutza zentro honek Errege Etxearen irudi eta ospeak kutsatuta ikustea bere izena, denboraren joanean degradatuz joan baita".
Hori dela eta, Javier Ramos URJCko errektoreari eskatu diote "Unibertsitatearen izena aldatzeko izapideak hasteko", eta berretsi dute "ez dagoela arrazoirik Juan Carlos I.a goraipatzeko, unibertsitate bati haren izena jarriz".