Gizartea -

KORONABIRUSA

Gasteizko bi jatetxe, taberna bat eta diskoteka bat itxita, positiboak atzeman ostean

Herritarrei gaitza atzemateko detekzio-proba masiboak egitea baztertu dute oraingoz. Araban 62 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan.

Gasteiz. Irudia: EFE
Gasteiz
Gasteizko hiru jatetxe eta diskoteka bat itxi dituzte positiboak atzeman ostean

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak janari lasterreko bi jatetxe, diskoteka bat eta taberna bat itxi dituzte behin-behinean, lokaleko langileen artean COVID-19 kasu positiboak atzeman ondoren. Dena dela, herritarrei gaitza atzemateko detekzio-proba masiboak egitea baztertu dute oraingoz.

Atzo jakinarazi zuten Alde Zaharreko Aiztogile kaleko taberna bat itxi zutela, bertako langileetako batek positibo eman ondoren. Astelehen honetan baieztatu dutenez, janari lasterreko bi jatetxe itxi dituzte, bata Armentiaganan eta bestea Arabako hiriburuko Gorbeia merkataritza-gunean, baita Koroatze auzoko taberna-diskoteka bat ere. Kasu guztietan, langile batek positibo eman du eta lokalak itxi dituzte desinfektatzeko.

Osasun Sailak zehaztu duenez, barran zerbitzatzen aritu den langile bat kutsatu dela baieztatzen denean, udalari lokala prebentzioz ixtea gomendatzen zaio, establezimendua desinfektatu arte.

Osasun adituek birusaren transmisio komunitarioa egon dela uste badute bakarrik egingo da baheketa masiboa, eta oraingoz ez dute egoera hori atzeman Gasteizen, iturri berberek adierazi dutenez.

Ildo horretatik, oraingoz ez dago aurreikusita ostalaritza-lokal horietara joan ziren bezero guztiei gaitza atzemateko detekzio-probak egitea, beste herri batzuetan egin zen bezala, hala nola Ordizian, Getarian, Tolosan, Eibarren eta Zarautzen; edo oraintsuago Bilboko Back&Stage diskotekan egon zirenei.

Osasun Sailak zabaldutako azken datuaren arabera, Araban 62 kasu gehiago atzeman zituzten larunbatean, horietatik 58 Gasteizen.

Bihar hasiko dira Andre Maria Zuriaren "ez jaiak" Gasteizen. Poliziaren presentzia areagotuko da jendetzarik gerta ez dadin, eta ostalari bakoitzak erabakiko du bere lokala ireki edo ez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andre Maria Zuriaren Jaiak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Tabernak Koronabirusa