Gizartea -

COVID-19

Aiztogile kaleko taberna bat itxi dute Gasteizen, balizko agerraldi baten aurrean

Zerbitzari batek positibo eman du. Udaltzaingoak taberna 23:15 aldera itxi zuen larunbatean.

Gasteizko Aiztogile kalea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Aiztogile kalea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Aiztogile kalea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Alde Zaharrean taberna bat itxi du Udaltzaingoak bart, balizko koronabirus agerraldi bat baztertzeko; izan ere, zerbitzari batek positibo eman du.

Udaltzainak Aiztogile kaleko tabernan sartu ziren 23:15 aldera, eta zortzi pertsona identifikatu zituzten, tartean bertako bezeroak eta langileak.

Udaleko iturriek azaldu dutenez, zerbitzarietako batek positibo eman du COVID-19a antzemateko proban. Horregatik, jende gehiago kutsatzeko aukera baztertu nahi dute.

Udaltzaingoak taberna itxi zuen, eta bildutako datu guztiak osasun arduradunen esku jarriko ditu.

Bestalde, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak janari lasterreko bi jatetxe itxi dituzte Arabako hiriburuan, Eusko Jaurlaritzak aginduta, langileen balizko positiboengatik, El Correo-k aurreratu duenez. Armentiaganan eta Gorbeia merkataritza-gunean itxi dituzte. “Gaizki-ulertu” bat dela adierazi dute jatetxeetako jabeek.

Hain zuzen ere, igande honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, Araban 62 positibo berri antzeman zituzten larunbatean, horietako 58 Gasteizen.

Iragan ostegunean, Arabako hiriburuan, 27 kutsatu berri jakinarazi zituen Sailak; beraz, positiboek nabarmen egin dute gora hirian azken egunetan.

Gainera, datorren asteartean Andre Maria Zuriko jaien hasiera izango litzateke egoera normal batean. Inguruabarrek agintarien kezka sortu dute. Horregatik, buruzagiek dispositiboak prestatu dituzte aglomerazioak saihesteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa