Gizartea -
COVID-19
Belgikak Nafarroara bidaiatzea debekatu du
Belgikako Atzerri zerbitzuak zonalde berde, laranja eta gorrien zerrenda eguneratu du larunbat honetan.
Agentzia | Erredakzioa
Nafarroa, Aragoi, Bartzelona eta Lleidara bidaiatzea debekatu du Belgikak larunbat honetan, lurralde horietan koronabirus pandemiaren bilakaera ikusita. Belgikako Atzerri zerbitzuak zonalde berde, laranja eta gorrien zerrenda eguneratu du gaur.
Zonalde berdeak (bidaiatzeko neurririk gabea), zonalde laranjak (kontuz ibiltzea eta berrogeialdia edo COVID proba egiteko gomendioa) eta zonalde gorriak (bertara bidaiatzeko debekua) zerrendatzen ditu Belgikako Atzerri zerbitzuko webguneak.
Lleidara eta Huescara funtsezkoak ez diren bidaiak debekatu zituen Belgikak iragan asteburuan. Bertan daudenek eta herrialdera itzultzen direnek 14 eguneko berrogeialdia eta PCR probak egin behar dituzte.
Era berean, Bulgariako eta Errumaniako zenbait zonaldetara bidaiatzea debekatu du gaur Belgikak, baita Frantzia, Erresuma Batua eta Suitzara ere.
Abuztuaren 1etik aurrera, atzerritik Belgikara itzuli edo bertan 48 ordu baino gehiago igaro nahi duen orok inprimaki bat bete beharko du, jatorria, Belgikan sartzeko garraiobidea eta beste xehetasun batzuk zehazteko.