Gizartea -
Gasteiz
Gutxienez 1.200 urte dituen egurrezko kanala agerian utzi dute Añanako Gatz Haranean
Gatzak "egoera ezin hobean" kontserbatu du egurrezko estalkiak dituen kanal hori, larrainetako gatzun soberakina jaso eta putzu batera eramaten zuena.
Agentziak | Erredakzioa
Gatzagetako indusketa arkeologikoen urteroko programaren bederatzigarren kanpaina joan den astean amaitu zen, eta Añanako aspaldiko gatzgileen ekoizpen metodo eta teknikei buruzko oso informazio baliotsua bistaratu zuen, besteak beste, 1.200 urte baino gehiago dituen gatzunetarako egurrezko kanala, Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Azken kanpainek, "Puente Palo" izeneko eremuan, iturburuen ondoan, gatzekoizpenaren jatorria aurkitzea zuten helburu. Toki horretan, amaitzeke oraindik, Neolitikoan (duela 7.000 urte inguru) gatz-ekoizpenean erabilitako milaka zeramika eta ikatz zati dokumentatu ziren, eta horrek munduko gatz biziaren fabrika zaharrena bihurtzen du Gatz Harana.
Alabaina, kanpaina honetako gauzarik azpimarragarriena da berriro egiaztatu dela gatzak duen kontserbatzeko ahalmena. Horri esker, arkeologoek eta bisitariek zuzenean ikusi ahal izan dituzte buztinezko larrainak, pinuzko enborren gainean eraikiak, putzuak eta, harrigarriena, egurrezko estalkiak dituen kanal bat, egoera ezin hobean kontserbatua, larrainetako gatzun soberakina jaso eta putzu batera eramaten zuena, non Añanako Gatz Haraneko lehen traina txikia (gatzuna jasotzeko garabia) berreskuratu baitzen.
Aurtengo lanak beste gatzun iturburu baten ondoan egin dira, "Ontana"n alegia, non haran guztiko diakroniarik handiena dagoen. Lan eremuek ondo trinkotutako lurrak dituzte, eta horien gainean gatzuna egosteko suak egon ziren. Ibai aldera, isurketa eremuak daude, languneetatik bereizita, zutoinez eutsitako landare-sare baten bidez.
Behin landa lanak amaituta, ikertzaileek lortutako datuak aztertzen jarraituko dute laborategian, Añanako Gatz Haraneko sekretuak azalarazten jarraitzeko.
Añanako Gatz Haranean berreskuratutako zatiak. Argazkia: Arabako Foru Aldundia