Gizartea -
2020-2021 IKASTURTEA
Jaurlaritzak ez du asmorik COVID-19agatik irakasle gehiago kontratatzeko
Uriarteren esanetan, hiru agertoki posible irudikatu dituzte, eta horietako lehena aukeratu dute ikasturtea abiatzeko. Horrek esan nahi du "neurriak hartuta, egoera ia normala" izango dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela pandemia egoeragatik irakasle gehiago kontratatzeko asmorik, eta ideia dela ikasturtea "ahalik eta modu ohikoenean" abiatzea, "bizi dugun egoera kontuan izanda".
Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, sailburuak adierazi du Hezkuntza eta Osasun sailak "zorrotz" ari direla lanean, eta duela hilabete jaso zutela ikastetxeek datorren ikasturtean jarraitu beharreko protokoloaren berri. "Osasun Sailak edozein aldaketa jakinarazten badigu, aintzat hartuko dugu", esan du.
Halaber, gaineratu du gaur-gaurkoz dauden kasuek "jatorri zehatz batzuk" dituztela. "Ikusiko dugu zein den ikasturte hasierako egora; hezkuntzan ez da zertan egoera okerragoa izan behar.
"Unea iristen denean, beharrezkoa bada, neurriak hartuko dira, betiere Osasun Sailaren aginduei men eginda", azaldu du.
Uriarteren esanetan, hiru agertoki posible irudikatu dituzte , eta horietako lehena aukeratu dute ikasturtea abiatzeko. Horrek esan nahi du "segurtasun eta osasun neurriak hartuta, egoera ia normala" izango dela. "Ez dugu aurreikusi irakasle gehiago kontratatzea", berretsi du.