Gizartea -
Koronabirusa
Mendillorrin PCR testarekin aztertutako 1.145 gazteetatik 14k eman dute positibo
Indurain kontseilariak esan du datuak agerian uzten duela isolamendua behar bezala egiten ari zirela eta eraginkorra izan dela; horregatik, "auzoko gazteen arteko elkartasuna" goraipatu du.
agentziak | erredakzioa
Iruñeko Mendillorri auzoko gazteen artean koronabirus agerraldi bat geldiarazteko egindako PCR test masiboen kanpainaren ondoren, Osasun departamentuak astearte honetan jakinarazi duenez, aztertutako pertsonen% 1,22k eman dute positibo, hots, 1.145 pertsonatik 14k.
Datu horiekin, Santos Indurain kontseilariak ontzat jo du joan den asteko ostegun, ostiral eta larunbatean egindako lan berezia, "antzeman gabeko kasu asintomatiko gutxi" zeudela erakusten baitu.
Positiboen kopuru horrek, gainera, kutsatzeak saihesteko isolamendua behar bezala egiten ari zirela eta eraginkorra izan dela adierazten omen du. Horregatik, "auzoko gazteen arteko elkartasuna" goraipatu du.
Mendillorriko agerraldia Nafarroako handienetakoa da, eta 177 positibo izan dira guztira, baina dagoeneko "gelditzen ari da", kontseilariaren arabera.
Bestalde, Indurainek jakitera eman duenez, atzo 42 kasu positibo berri izan ziren Nafarroan COVID-19 birusagatik eta bi ospitaleratze izan zituzten. Guztira, 32 pertsona daude ospitaleratuta, bat ZIUn, eta aldaketarik ez dago hildakoen kopuruan (529).