Gizartea -

Epaia

Arrazoia eman diote Nafarroari Hondakinei buruzko Legearen aurka jarritako helegitean

Nafarroako Gobernua "pozik" agertu da epaiarekin, "ingurumenaren alde egindako eskakizun argia" onartu duelako Konstituzionalak. Estatuak baino lehen debekatu zuen plastikozko poltsak banatzea.

Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala.
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Nafarroako Gobernuari Estatuak Hondakinei eta horien Fiskalitateari buruzko Foru Legearen aurka jarritako konstituzio-kontrakotasun helegitean, eta Foru Erkidegoak bere eskumenaren baitan jardun zuela ebatzi du. Izan ere, Espainiako Gobernuak baino lehen debekatu zuen kontsumitzaileei plastikozko poltsak ematea, ingurumena zaintzeko asmoz.

Itziar Gomez Nafarroako Landa, Garapen eta Ingurumen kontseilaria "pozik" agertu da Nafarroako Gobernuak "ingurumenaren alde egindako eskakizun argia" onartu duelako. Gomezek gogora ekarri duenez, Foru Erkidegoak 2018an egin zuen plastikozko poltsen aurkako apustua, "Estatuak baino lehen".

Zehazki, Estatuak aurkeztutako helegiteak, Hondakinei eta horien Fiskalitateari buruzko Foru Legearen 23. artikuluaren 1. a) eta 2. atalak jartzen zituen zalantzan, Espainiako Gobernuaren araudi orokorrak aurreikusitakoa baino lehen Nafarroan plastikozko poltsen erabilera debekatzeagatik.

Nafarroako Gobernuak azpimarratu duenez, ordea, ingurumen eskumena baliatuz ezarri zuen Foru Legea. Izan ere, Estatuan ezarritako gutxienekoak betez, ingurumena babesteko neurri gehigarriak ezar ditzake Nafarroako Gobernuak.

Halaber, Auzitegi Konstituzionalak bere epaian gogorarazi duenez, Europar Batasuneko nahiz Estatuko eta foru-mailako arauak ingurumenaren arloko eskumenen baitan daude.

Gauzak horrela, plastikozko poltsek ingurumenean duten eraginari premiazko erantzuna emateko asmoz, 2018an arau berritzaile baten aldeko apustua egin zuela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

Hala, Estatuko Administrazio Orokorrak plastikozko poltsa arinak eta oso arinak banatzea debekatzeko ezarritakoa baino epe laburragoa ezarri zuen Foru Erkidegoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nafarroa Espainiako Gobernua Espainia Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Auzitegi Konstituzionala Ingurumena Larrialdi klimatikoa 2024